Ekonomia -

Isuriak

2035ean gasolina eta diesel autoen salmenta debekatzea babestu du Europako Parlamentuak

Zehazki, onartutako arau berriak salmenta berriko turismoen emisioak 2030ean % 55 murrizteko helburua ezarri du; furgoneten kasuan, berriz, ezarritako murrizketa % 50ekoa da.

Kontzesionario bat. Artxiboko irudia: EITB
Kontzesionario bat. Artxiboko irudia: EITB
Kontzesionario bat. Artxiboko irudia: EITB

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak gasolina eta diesel ibilgailuen salmenta 2035ean debekatzearen alde bozkatu du gaur, eta, aurreko urrats gisa, auto eta furgoneta berrietarako karbono dioxidoaren (CO2) emisioak 2030erako erdira murrizteko helburua ezarri du.

Zehazki, onartutako arau berriak, 2021ean erregistratutako mailetan oinarrituta, salmenta berriko turismoen emisioak 2030ean % 55 jaisteko helburua finkatzen du; furgoneten kasuan, berriz, ezarritako murrizketa % 50ekoa da.

Epe horren ondoren, 2035etik aurrera, legeak aurreikusten du Europar Batasunean saltzen diren ibilgailu guztiak zero emisiokoak izatea, nahiz eta, indarrean sartu aurretik, testua formalki onartu beharko duten EBko estatu kideek, Kontseiluan bilduta.

Aldeko 340 botorekin, kontrako 279rekin eta 21 abstentziorekin, Europako Parlamentuak legedi berri hori babestu du, baina hori bai, Europako Alderdi Popularrak, osoko bilkurako talde nagusiak, aurkako botoa eman du.

Besteak beste, testu berriak finkatu egiten du EBk ibilgailuen fabrikatzaileei eskatzen dien zero edo isuri txikiko ibilgailuen salmenten portzentajea, Europako Batzordearen pizgarri ekonomikoez baliatu ahal izateko.

2025etik 2029ra bitartean, salmenta guztiak kontuan hartuta, zero ala isuri murritzeko autoen % 25 saldu beharko da, fabrikatzailek sari horiek kobratzen jarraitzeko; furgonetei dagokienez, berriz, proportzioa % 17koa izango da. 2030etik aurrera, erregelamendu berriak pizgarriak kentzea aurreikusten du.

Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteorde eta Itun Berdearen arduradunak erreforma osoa goraipatu du eta, Euroganberan egindako eztabaidan, legeak "industriaren, klimaren eta langileen interesen arteko oreka perfektua" bilatzen duela adierazi du.

Kamioiak eta autobusak

Bestalde, Europako Batzordeak 2030ean berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 murrizteko bidea proposatu du distantzia luzeko kamioi eta autobusentzat, eta ahalegin hori % 65era arte handitu beharko da 2035ean eta % 90era 2040an, 2019ko mailekin alderatuta.

Proposamena osatzeko, 2030etik aurrera EBn merkaturatutako autobus interubano guztiak zero emisiokoak izatea lortu nahi da, baina ez landa-eremuei zerbitzua ematen dietenak, kamioien tratamendu bera izango baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europar Batasuna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Garraio publikoa Kutsadura Europako Parlamentua Erregaiak Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan