Ekonomia -
Dirulaguntza publikoak
Deslokalizazioa eragozteko EH Bilduren ekimena izapidetzearen alde egin du Jaurlaritzak
Koalizio subiranistak aurkeztutako proposamena dirulaguntzak arautzeko lege proiektuarekin batera izapidetzea proposatu du Jaurlaritzak gaurko gobernu bileran. Asmoa da Euskaditik joaten diren enpresek 10 urtez jasotako laguntzak itzultzera behartzea.
EITB Media
Laguntza publikoak jaso ostean, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) utzi eta herrialde batera joaten diren enpresen kasuak saihesteko proposamena egin zuen EH Bilduk. Lege proposamen hori aintzat hartzea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak, astero egiten duen gobernu bileran.
Zehazki, Jaurlaritzak aurki onartuko duen dirulaguntzak arautzeko lege proiektua koalizioaren beste proposamen horrekin izapidetzeko asmoa iragarri du. Koalizio abertzalearen ekimenaren helburua zen deskokalizatutako enpreseei azken 10 urteetan jasotako laguntzak itzularaztea.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, EAEk badu "nahikoa erregulazio" enpresen deslokalizazio kasuei aurre egiteko. Horren adibide jarri ditu hainbat foru arau eta enpresei zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza programa arautzen dituzten aginduak.
Enpresak EAEn jarraitzea sustatzearen eta deslokalizazioak eragoztearen aldekoa da Jaurlaritza, "betiere neurri horiek Europako arau-esparruan eta gure eskumenen eremuan tokirik badute". Horren esanetan, deslokalizazioari aurre egiteko neurriak eta mugak "egokiak" dira, eta, ohartarazi duenez, inbertsiorako edo enplegurako laguntzen arloko Europako erregelamendu-esparrua gainditzen duen beste edozein baldintzak "lehiarako baldintza okerragoetan utziko lituzke EAE eta euskal enpresak ingurukoen aurrean".