Ekonomia -

INFLAZIOA

KPIaren igoera % 3,3an geratu zen martxoan EAEn, eta % 3,5ean Nafarroan

Prezioek gora egiten jarraitzen dute, eta aurreko hilabetearen aldean, % 0,6 garestitu dira EAEn eta % 0,1 Nafarroan. Espainiako Estatuan, % 3,3an geratu da inflazio tasa.

Elikagaiak denda batean. Argazkia: Efe
Elikagaiak denda batean. Argazkia: Efe
Elikagaiak denda batean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inflazio tasa % 3,3ra jaitsi zen martxoan EAEn, otsailean baino 2,5 puntu beherago, eta Nafarroan % 3,5ean geratu zen, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu dituen martxoko behin betiko datuen arabera.

2022ko martxoan Ukrainako gerragatik erregaiek izan zuten gorakadagatik nabari da orain alde hori. Izan ere, 2021eko abuztutik inflazio tasak izan duen maila baxuena da.

Nafarroan, Etxebizitza eta Garraioa % 15 eta % 3,5 merkatu dira urtebetean, baina elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak % 16,5 garestitu dira.

Espainiako Estatua

Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) % 0,4 egin zuen gora martxoan Espainiako Estatuan aurreko hilekoaren aldean, baina atzera egin zuen % 2,7 iazko hilabete berekoarekin alderatuz gero, eta % 3,3an geratu zen, argindarraren eta erregaien prezioen egonkortzeagatik bereziki. Besteak beste, horiek ageri dira Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak argitaratu dituen martxoko behin betiko datuen txostenean.

Inflazioa 2021eko abuztutik izan duen maila baxuenean geratu da horrela, eta aurreko bi hilabeteetako gorakada eten da. Urtearteko KPIak 1977ko maiatzetik izan duen beherakada handiena izan du (% 2,6).

Bestalde, azpiko inflazioa (energiarik eta landu gabeko elikagairik barik) hamarren bat murriztu zen, % 7,5eraino, KPI orokorra baino 4,2 puntu gorago, eta azken 40 urteetako maila altuenean geratu zen.

Azpiko inflazioaren eta orokorraren arteko arrakala 1986ko abuztutik izan den handiena da, hau da, INE datua kalkulatzen hasi zenetik izan den handiena.

Dena den, Ekonomia Ministerioak azpimarratu du azpiko inflazioak behera egin zuela martxoan, iragan irailetik lehen aldiz, eta Espainiako Estatuak Europar Batasunean inflazio "baxuenetakoa" duten herrialdeen artean jarraitzen duela.

Elikagaien garestitzea

INEren arabera, elikagaiak % 16,5 garestitu dira urtebetean, otsailean baino hamarren bat gutxiago. Orduan % 16,6koa izan zen tasa, 1994tik izandako altuena.

Arrainaren, mariskoaren, esnearen, gaztaren, arrautzen, olioen eta gantzen garestitzea iazko martxoan baino apalagoa izan zen. Hala ere, lekaleen eta barazkien prezioen gorakada 2022ko martxokoa baino handiagoa izan zen.

Nadia Calviño buru duen ministerioak goraipatu egin du elikagaien prezioen gorakada mantsotu izana, eta argindarraren prezioaren "jarrera ona", eta "salbuespen iberikoari" egotzi dio.

Hilabeteko datuari dagokionez, KPIaren gorakada % 0,4koa izan zen martxoan, otsailean baino % 0,5 txikiagoa, eta 2022ko hilabete berean baino 2,6 puntu murritzagoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak EAE albisteak Espainia KPI Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Erosketa saskia