Ekonomia -
Merkataritza
ENBAk TODO TODO banaketa katea salatuko du, Elikagai Katearen Legea betetzen ez duen esnea saltzeagatik
Nekazarien sindikatuak salatu duenez, Euskal Herria markako esnea litroko 0,59 euroan saltzen ari da banaketa kate hori.
EITB Media
ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuak TODO TODO banaketa katea salatuko du Elikagai Katearen legea betetzen ez duen esnea saltzeagatik; hain zuzen ere, Euskal Herria markako esnea litroko 0,59 euroan saltzen du.
Sindikatuak ohar baten bidez salatu duenez, kasu honetan, Karrantzan ekoitzitako kalitatezko esneaz baliatu da distribuzio katea, azken egunotan '2x1' lelopean esne eskaintza egin eta esnea "amu gisa" erabiltzeko.
"Are larriagoa" da, horien aburuz, ikusita prezioa abeltzainek beraiek kobratzen dutenaren parean edo azpitik dagoela. Zehaztu dutenez, distribuzioak egiten duen eskaintzak ezin ditu estali esne kateko kostu guztiak, Elikagai Kateak dioen bezala.
Esne ekoizleen ustez, "oso larria" da dinamika horri ateak zabaltzea, azken bi urteetan izandako galerei aurre egiten ari zaizkien bitartean. Gainera, azpimarratu dute Estatuko beste zonalde batzuetan abeltzaintzari prezioa jaisteko presioa egiten ari direla industria zein banaketa sektoreetatik, eta, lehortearen ondorioz, ekoizpen kostuek gora egitea aurreikusten dutela.
Horrenbestez, eskaintzaren berri eman diete jada administrazioei, eta, datozen egunetan, ENBAk salaketa formala jarriko du Eusko Jaurlaritzaren aurrean, "gai horretan duen eskumenaren arabera beharrezkotzat jotzen dituen urratsak eta ikuskapenak abian jar ditzan".