Ekonomia -
Greba
Soldaten eta pentsioen aldeko defentsan murgilduta iritsiko da ELA aurtengo Maiatzaren Lehenera
Sindikatuak manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean, pentsioen eta soldaten aldeko grebak bultzatzen jarraituko duela azpimarratzeko.
EITB Media
ELA sindikatua soldata eta pentsioen defentsan murgilduta iritsiko da Maiatzaren Lehenera, eta, horregatik, 'Borrokan, irabazteko' leloa aukeratu du, Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak astelehen honetan aurkeztutako deialdi bikoitzean. Hala, datorren astelehenean Bilbon eta Iruñean manifestazio bana egingo dutela iragarri dute.
Biek defendatu dute greba "gaurkotasun handiko tresna" gisa, eta 2022ko urtekaria aurkeztu dute, iazko 86 garaipen sindikal jasotzen dituena.
Lakuntzak adierazi duenez, "ELA, herri honetako sindikatu nagusia den heinean, harro dago Euskal Herria greba egiten buru delako", greba eta lorpenen artean "lotura zuzena" baitago. Era berean, gogorarazi du datuok bat datozela Europan izaten ari den "greba uholdearekin"; izan ere, Frantzian, Portugalen, Alemanian eta Erresuma Batuan "soldaten eta pentsioen alde mobilizatzen ari dira".
Horregatik guztiagatik, sindikatuak bi deialdi egin ditu datorren astelehenerako: Bilbon, manifestazio bat abiatuko da 11:30ean Jesusen Bihotza plazatik, eta Iruñean, berriz, ordu berean, Gurutzeko plazatik.