Ekonomia -

Soldaten inguruko akordioa

2025era arteko soldata akordioa sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak

Hitzartutakoaren arabera, aurten % 4 igoko dira soldatak, eta 2024 eta 2025. urteetan, % 3.

Soldata akordioa sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak. Argazkia: EFE
2025era arteko soldata akordioa sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak
CCOOk, UGTk, CEOEk eta Cepymek soldatei buruzko ituna sinatu dute

0:30

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023-2025 aldian soldatak igotzeko CEOEk eta CCOO eta UGT sindikatuek adostutako akordioa gaur, asteazkenarekin, sinatu dute, Antonio Garamendi Espainiako patronaleko presidenteak atzo aurreratu zuenez.

Ekitaldian, aipatu sindikatuetako idazkari nagusi Unai Sordo eta Pepe Alvarez eta CEOEko eta CEPYMEko presidente Antonio Garamendi eta Gerardo Cuerva izan dira. Espainiako Gobernuko inor ez dute ekitaldira gonbidatu.

Itun horren negoziazioek blokeo luzea izan zuten, patronalak ez zuelako prezioen igoerarekin lotutako soldata berrikuspenak akordioan jaso nahi —azkenean jasota geratu dira—, eta patronalak ez zuelako onartu iragan urterako soldata igoera hitzartzea.

Pozik eta esker oneko agertu da Garamendi

"Egun garrantzitsua da, bi aldeen arteko elkarrizketa soziala gailendu delako. Albiste ona da enpresentzat, langileentzat, autonomoentzat eta Estatuko lurralde eta sektore guztientzat", esan du.

"Momentu zailak" bizi ditugula onartuta, agente sozialak beren erantzukizuna betetzen ari direla azpimarratu du.

"Gure herriarentzat ona da gaurko honetan sinatu dugun hau. Akordioak planteamendu oso garrantzitsuak ditu. Horietako bat da soldatei dagokiona, baina bereziki bigarren puntu batean jarri nahi dut arreta, alegia, itunaren edukian; izan ere, erakusten du enpresariak eta elkarrizketa soziala aintzakotzat hartu behar direla", erantsi du.

Horregatik, garrantzitsutzat jo du eztabaida mahaira gai ezberdinak eramatea, "gai horiek aurrera ateratzeko bidea" ematen duela iritzita. "Beharginei egonkortasuna ematen die eta enpresei lasaitasuna", azaldu du.

Negoziatzen aritu direnen lana goratu dute sindikatuek

"Edukiagatik eta bizi dugun momentuagatik da garrantzitsua akordioa. Testuinguru honetan zaila zen horrelako akordio bat lortzea, inoiz ez baitugu itunik sinatu inflazio garai betean", nabarmendu du. Adierazpenokin bat egin du UGTko presidente Pepe Alvarezek ere. 

Hartara, negoziazio kolektiboak izan dezakeen indarra azpimarratu du.

Hitzarmenaren gakoak

Itunaren arabera, aurten % 4 igoko dira soldatak, eta 2024 eta 2025. urteetan, % 3. Gainera, soldatak KPIaren arabera berrikusteko klausula bat ere badu akordioak. Hala, prezioak aurreikusitakoa baino gehiago haziko balira, hurrengo urteko igoeran % 1era arteko gorakada bat aplikatuko litzateke. Hau da, 2023ko abenduan urte arteko KPIa % 4tik gora igotzen bada, hurrengo urteko soldata igoera gehienez % 1 handiagoa litzateke (aurreikusitako % 3+1).

Dena dela, itunak jasotzen duenez, lan hitzarmenak negoziatzen ari direnek sektorearen inguruabarrak hartu beharko dituzte aintzat soldaten igoera zehazteko. Enpresen eta sektoreen artean "ezberdintasun handiak" daudela eta enplegua sortzea edo berau mantentzea bermatu behar dela jasotzen du testuak. 

EITB Media

Soldaten inguruko akordioa (ofizialki, Negoziazio Kolektiborako eta Enplegurako Konfederazioen arteko V. Akordioa) patronalak eta sindikatuek adostutako testua da, lan hitzarmen kolektiboak berritzeko eta negoziatzeko gomendioak ematen dituena. Ez da derrigorrez bete beharrekoa, baina aldeei gidalerro batzuk eskaintzen dizkie. 

Negoziazio kolektiborako eta enplegurako akordioaren negoziazioa ez atzera ez aurrera zegoen iazko maiatzetik. Orduko hartan, patronalak uko egin zion inflazioaren araberako soldata igoerak berrikusteko klausula txertatzeari.

CEOE patronalak eta UGTk astelehenean eman zioten oniritzia akordioari, eta atzo hori berori egin zuen CCOOk. Hala, goizean bildu zen batzorde konfederala, eta arratsaldean, kontseilu konfederala —kongresuen arteko organo gorena—. Biek ala biek berretsi zuten ituna. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak CCOO UGT Soldatak CEOE Enpresaburuak