Ekonomia -

Elikadura

Elikaduraren industriako 287 enpresak hartuko dute parte F4F-Expo Foodtech azokan gaurtik ostegunera

Arduradunek aurreikusi dute Barakaldoko BECen maiatzaren 16tik 18ra izango den jardunaldi honek 17 milioi euroko eragina izango duela EAEn.

2022ko Food 4 Future-Expo Foodtech azoka. Argazkia: www.expofoodtech.com
2022ko Food 4 Future-Expo Foodtech azoka
2022ko Food 4 Future-Expo Foodtech azoka. Argazkia: www.expofoodtech.com

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur, asteartea, irekiko ditu ateak Food 4 Future-Expo Foodtech azokak Barakaldoko BECen. Hiru egunetan zehar, elikaduraren industriako 7.000 profesional eta 287 enpresa erakusle bilduko dira azokan, eta, antolatzaileen aburuz, 17 milioi euroko inpaktua izango du jardunaldiak EAEn.

Proteina alternatiboek gero eta garrantzi handiagoa dute gure elikaduran. Zein motatakoak daude? Zergatik dira garrantzitsuak? Zein abantaila eta erronka dituzte?

Zure interesekoa izan daiteke: Proteina alternatiboak: etorkizuna bertan dugu

Aurtengoa F4F-Expo Foodtech azokaren hirugarren edizioa izango da. Elikaduraren industriari buruz hausnartzeko eta lehiakortasuna areagotzen lagunduko duten berrikuntza teknologikoak aurkezten dituzte bertan enpresek eta adituek. Honela, bada, robotikan eta automatizazioan egin dituzten azken aurrerakuntzak, prozesatu eta ontziratzeko makinaria berriena eta elikadura-segurtasuna eta zientziaren alorreko berrikuntzak aurkeztuko dituzte 287 enpresek hiru egunetan zehar.

F4F-Expo Foodtech azokak 17 milioi euroko inpaktua izango duela eta Euskadi "foodtech-aren alorrean erreferente bilakatzen" duela azaldu dute antolatzaileek. Azokako presidente Javier Dueñasen hitzetan, "biztanleriaren hazkundea geldiezina den garai honetan, inflazioaren presiopean bizi garenean eta planeta gero eta beroago dagoen garaian, elikaduraren industriak erronka handia dauka: baliabide naturalen kontsumoa txikitzeko eta hondakinen sorrera gutxitzeko ekoizpen eta eraldatze sistemak hobetu beharra dauka. Horretarako, robotika eta adimen-artifiziala bezalako teknologia berriak erabili beharra ditu".

Azokarekin batera, Food 4 Future World Summit kongresua ere egingo da egunotan. Elikagaien eta edarien sektoreko instalazioetako ekoizpenaren efizientzia hobetu duten hainbat kasuren berri emango dute bertan parte hartuko duten nazioarteko 372 adituk. Elikagaien ekoizpenean ikusten diren joera berriak aztertuko dituzte eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko moduez hausnartuko dute.

Kongresuan European Foodtech Nations Summit eta EIT Food Innovation Forum ere egingo dira. Lehenengoan, elikagaien teknologian punta-puntan dabiltzan hainbat herrialde eta eskualde biltzen dira estrategiak elkarrekin partekatzeko. Bigarrena, EIT Food-ek antolatzen duen berrikuntzari buruzko foroa da. Aurten, berrikuntza gisa, Plant Managers Summit foroa ere egingo da, industria honetako instalazioetako arduradunen foroa.

Azkenik, nazioarteko 124 inbertsio-funts ere izango dira F4F-Expo Foodtech azokan egunotan. Foodtech arloan egiten ari diren inbertsioen eta mundu osoko startup-ek esku artean dituzten azken proiektuen berri emango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Elikagaiak gaur albisteak Elikadura osasungarriari buruzko albisteak