Ekonomia -

Euskal Osasun Zerbitzua

Osakidetzaren "desegitea" ukatu eta grebak "ahal den eragin txikiena" izatea espero du Sagarduik

"Hobetu beharreko gauzak" daudela ere onartu du Osasun sailburuak, baina "elkarrizketa bidez" konpondu beharreko kontuak dira, haren hitzetan.

Gotzone Sagardui osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Gotzone Sagardui osasun sailburua
Gotzone Sagardui osasun sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ukatu egin du Euskal Osasun Zerbitzua "desegiten" ari dela, eta nabarmendu du sindikatuek deitutako greba hauteskunde kanpainan egitea. Gauzak horrela, espero du lanuzteak "ahal den eragin txikiena" izatea, nahiz eta onartu duen Osakidetzan badirela "hobetu beharreko gauzak". Kontu horiek, baina, hitz eginda konpondu behar direla iritzi dio.

ELAk, Satsek, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk deituta hasi dute bi eguneko greba ostegun honetan EAEko osasun zerbitzuko beharginek, eta lehen arretako zentroetan egingo dituzte protestak, batik bat.

Onda Vasca irrati kateari emandako elkarrizketan, sindikatuei galdetu die ea zertan oinarritzen diren Osakidetzaren "desegiteaz" berba egiteko orduan.

Horrelakorik gertatzen ari ez dela arrazoitzeko, zenbait datu eman ditu. "Lau dira hazkunde eta egonkortze zutabeak", esan du. Horrela, adierazi du 11.000 lanpostu betetzeko lan eskaintzak daudela indarrean une honetan. Ildo horretan, gogorarazi du 2018-2019ko lan eskaintza publikoko emaitzen zain daudela, 2020-2021-2022 urteetako LEPak deitzeko.

Aurrekontua da bigarren zutabea. % 6 inguru hazi da, Sagarduiren hitzetan, "Jaurlaritzaren apustu handienetakoa" baita. "Osasunean, biztanle bakoitzeko diru gehien inbertitzen duen erkidegoa gara; 2.100 eurotik gora pertsona bakoitzeko", azpimarratu du.

Datuak

Bestalde, azaldu du 1.500 ikerketa proiektu daudela martxan, eta 3.000 lagun horietan lanean. "Zein da orduan Osakidetzaren desegiteaz jarduteko arrazoia?", galdetu du. "Hemen dituzue esandako hori egia ez dela frogatzen duten datuak", erantsi du.

Mediku falta

Nolanahi ere, onartu du mediku gutxi daudela, batez ere, lehen arretan. "EAEn ez ezik, Estatu mailan eta Europan ere gertatzen da. Guk hainbat proposamen egin dizkiogu Osasun Ministerioari, egoera hobetzeko asmoarekin, baina emaitzak lortzeko denbora behar duten neurriak dira", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Eusko Jaurlaritza Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Terapeutika-profesionalak Erizaintza gaur Lan gatazkak