Ekonomia -
lan gatazka
EAEko Justizia Administrazioko greba bertan behera utzi dute ELAk eta LABek
Gasteizko, Bilboko eta Donostiako justizia-jauregietan egindako batzarretan aurreakordioa berretsi dute. Horrek % 13ko igoera ordaindua ekarriko du, eta soldatak EAEko Administrazio Orokorreko langile homologatuen taulekin parekatzea.
EITB Media
ELAk eta LABek bertan behera utzi dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Justizia Administrazioan duela hilabetetik egiten ari ziren greba. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eskaintza "oso interesgarria" helarazi zien atzo, eta gatazkari amaiera eman diezaiokeelakoan, langileei helaraztea erabaki dute.
Horren aurrean, asanbladak deituta zituzten asteazkeneko 14:00etarako eskaintza aztertu eta bozkatzeko. Gasteizko, Bilboko eta Donostiako justizia-jauregietan egindako batzar horietan, lortutako aurreakordioa berretsi dute. Horrrek % 13ko igoera ordaindua ekarriko du, eta kolektiboaren aldarrikapen historikoa ere jasotzen du; soldatak EAEko Administrazio Orokorreko langile homologatuen taulekin parekatzea, alegia.
Horrekin batera, ELA sindikatuak adierazi duenez, kolektiboak grebari emandako babesa "funtsezkoa" izan da lortutako helburuak bermatzeko. Loreto Cobo LABeko kidearen esanetan, "oso akordio ona lortu dugu sektoreko 2.400 langileen espektatibak gaindituko dituena. Auzitegi-medikuntzako langileak dira salbuespena, horientzat ez baitugu aurrerapen nabarmenik lortu".
ELAren eta LABen iragarpenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak bilera egin du CCOOrekin, eta, horren ostean, Javier Zamora Justiziako koordinatzaile sindikalak esan du "tamalez" Jaurlaritzak amaitutzat eman duela sindikatuekiko negoziazioa, "CCOOren Greba Batzordea kontuan hartu gabe", eta berariaz aipatu duenez, "sindikatuen ordezkaritzaren zati batekin bakarrik akordioa lortzeko aukera baliatu du, gainerakoei entzungor eginez".
CCOOk Administrazioari leporatu dio akordioaren behin betiko edukiaren berri emateari "uko" egitea. Sindikatuak grebari eutsiko dio, Justizia Ministerioaren aurrean, eta Estatu mailan aldarrikapenak lortu arte.
Akordioa
Onartutako akordioak puntu hauek jasotzen ditu:
- Euskal Administrazio Orokorreko ordainsari-taulak aplikatuz Eusko Jaurlaritzari transferitutako Justizia Administrazioko 2.500 langile baino gehiago parekatzea. Horrek esan nahi du langile guztien ordainsariak % 13 handituko direla.
- Era berean, Justiziako langileen lanaldiaren modalitatea errespetatuko litzateke, bere berezitasun guztiekin, gehiegizko lanalditik eratorritako egunak barne.
- Zenbatekoak % 50 ordainduko lirateke akordioa sinatzen denean, eta beste % 50, 2024ko urtarrilaren 1ean, orduan lortuko bailitzateke soldata parekatzea.
- Soldata plus bat aitortzen zaie emakumeen aurkako indarkeriaren epaitegietako langileei.
- Era berean, karrera profesionalaren osagarria negoziazio honetatik kanpo geratzen dela jasotzen da, eta geroago negoziatuko dela.
Nafarroan, grebari eutsi diote
Foru Erkidegoan bestelakoa da egoera, eta indarrean dago CCOO, STAJ, AFAPNA, CSIF eta LAB sindikatuek deitutako lanuztea. Sindikatuekin adostu ez den eta Nafarroako Parlamentuan tramitatzen ari den Antolakuntza Lege Organikoa geldiarazteko eta soldata igotzeko eskatu dute. Sindikatuon arabera, greba "jarraipen zabala" izaten ari da, eta zigor-epaitegietan du eraginik handiena: epaiketa gehienak bertan behera geratu dira.