Ekonomia -

EITB DATA

Duela hamar urte baino 772 taberna eta jatetxe gutxiago daude egun EAEn, eta 92 gehiago Nafarroan

10.000 biztanleko, 54 taberna eta jatetxe daude EAEn eta 42 Nafarroan. EAEn bezala, Espainiako Estatuan ere nabarmen egin du behera ostalaritza establezimenduen kopuruak.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

14.771 taberna eta jatetxe daude egun Hego Euskal Herrian, horietatik 11.966 Euskal Autonomia Erkidegoan — 8.033 taberna eta 3.933 jatetxe— eta 2.805 Nafarroan — 2.076 taberna eta 729 jatetxe—. Azken hamarkadan (2012-2022), kopuru horien bilakaera ezberdina izan da EAEn eta Foru Erkidegoan; 772 ostalaritza establezimendu gutxiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, aldiz, duela hamar urte baino 92 gehiago.

Halaber, EAEn bezala, Espainiako Estatuan ere nabarmen jaisten ari da taberna eta jatetxe kopurua azken hamar urteotan: 10.656 gutxiago daude 2012an baino. 'Etxetik kanpo jatea eta edatea: ohiturak, osasuna, jarduera ekonomikoa …' goiburupean, EITB Dataren azken azterketan bildu dituzte datuok. 

10.000 biztanleko, 54 taberna eta jatetxe daude EAEn, eta 42 Nafarroan, baina alde handiak daude, besteak beste, hiriburuen artean. Bilbon, esaterako, 68 ostalaritza establezimendu daude 10.000 biztanleko, Donostian 63 eta Gasteizen 50.

Badira aldeak, halaber, taberna edo jatetxea izan. Jatetxeei dagokienez, Euskadi da 10.000 biztanleko jatetxeen ratio handienetakoa duen erkidegoa Estatuan: 18 jatetxe daude 10.000 laguneko EAEn, eta 17 Estatuan; Nafarroan, berriz, 11. Rankingaren lehen postuetan Balearrak, Kanariar Uharteak, Valentzia eta Katalunia daude.

Tabernen kasuan, rankingaren azken postuetan ageri da Hego Euskal Herria, Estatuko batez bestekoaren (37) azpitik. 10.000 biztanleko, 36 taberna daude Euskadin, eta 31 Foru Erkidegoan.

Europako datuekin alderatuta, Hego Euskal Herrian taberna gehiago dago, baina jatetxe gutxiago. Portugal da jatetxe zein taberna gehien dituen herrialdea; 10.000 biztanleko, 73.

Kopuruaz gain, ostatuen kalitatea ere aztertu du EITB Datak. Hala, Michelin izarren bat duten Estatuko jatetxeen % 11 Hego Euskal Herrian daude. Era berean, Repsol gidako eguzkia duten Estatuko 100 ostatutik 11 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan daude. 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Euskal jatetxeak Tabernak gaur EITB Data