Ekonomia -
IZENBURU NAGUSIAK
Albiste izango dira: Emantzipaziorako laguntzak, gau siberiarra eta egoera gordinduta Gazan
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, hitz bitan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, abenduak 26, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Emantzipaziorako laguntzak: Emantzipa programak hilean 300 euroko laguntza zuzena emango die bi urtez, emantzipazio-prozesua hasi duten edo hasi behar duten 25 eta 29 urte bitarteko gazteei, baldin eta 3.000 eta 28.000 euro arteko errenta badute. Programa horren helburua da emantzipatzeko batez besteko adina 28 urtetik behera jaistea eta emantzipazio-tasa % 50eraino igotzea 2030erako.
-Gau siberiarra: Euskal Herriko barnealdea izoztuta esnatu da. Toki askotan zeroz azpiko tenperaturak neurtu dituzte goizaldean. 06:00etan, Pagoetan, adibidez, -4,6 graduraino jaitsi dira termometroak, Trebiñun -4,5eraino eta Balmasedan -2,6raino.
-Egoera gordinduta Gazan: Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusi Tedros Adhanom Ghebreyesusek "lazgarritzat" jo ditu Gazako Zerrendako osasun langileen eta Israelgo Armadaren erasoen biktima direnen kontakizunak, eta salatu egoera gordindu egin dela ospitaleetan, "osasun sisteman sarraskia" gertatzen ari delako.