Ekonomia -

lehen sektorea protestan

Nekazariak "nahiko pozik" atera dira Nafarroako Gobernuarekin egindako azken bileratik

Foru Gobernuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta lehen sektorean ordezkaritza duten erakundeen arteko aldebiko lantalde bat sortzea proposatu du.

Nafarroako nekazari eta abeltzainak. Argazkia: EFE
Nafarroako nekazari eta abeltzainak. Argazkia: EFE
Nafarroako nekazari eta abeltzainak. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako traktore protesten antolatzaileak diren 6F plataformako ordezkariek adierazi dutenez, "poztasun moderatua"rekin atera dira Foru Gobernuarekin egindako azken bileratik; izan ere, Landa Garapenari buruzko aldarrikapenak aintzat hartu badituzte ere, ez da horrela gertatu Ekonomia eta Ogasun alorrekoekin.

Bilera horretan, Foru Gobernuak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta lehen sektorean ordezkaritza duten erakundeen arteko aldebiko lantalde bat sortzea proposatu du, horien egoera aztertu eta Zerga Neurriei buruzko Lege Proiektuan isla izan dezaketen adostasun-puntuen inguruan aritzeko, eta 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioak izango dituela iragarri dute jada.

Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak bileraren amaieran adierazi duenez, hurrengo bilera astelehenean izango da, baina hemendik aurrera Nafarroako Nekazaritza Kontseiluaren esparruan izango da, hau da, UAGN, EHNE eta UCAN erakundeekin.

Plataformako bozeramaileek bileraren edukia azaldu diete bildutako lankideei, eta traktoreen mobilizazioei eusteari buruz galdetu dietenean, nekazariak eta abeltzainak "autonomoak" direla adierazi dute.

Bestalde, Maria Chivite Nafarroako presidenteak berretsi du nekazaritzaren sektorea "funtsezkoa" dela "gure lurraldearentzat", eta horregatik beharrezkotzat jo du bertako langileei laguntzea, baldintza onak izan ditzaten.

Presidentearen hitzetan, Nafarroako Gobernuak "eskua luzatu" dio sektoreari, baina gai batzuk ez direla Nafarroaren eskumenekoak esan du. Hori dela eta, Nekazaritza ministroarekin hitz egiten ari dira, horien aldarrikapenak Bruselan otsailaren 26an egingo den bileran kontuan har ditzaten.

Aurrez, Iruñea erdigunea blokeatzeko saiakera egin dute goizean, eta hiriko etorbide nagusietako batzuetan jarri dituzte traktoreak. Iruñeko Udaltzaingoak X sare sozialean jakinarazi duenez, Zaragoza etorbideko ezkerreko erreia trabatu dute, Foruen plazaren eta Vianako Printzearen plazaren arteko tartean. 09:00ak aldera joan dira bertatik, iturri horien arabera. 

Nekazariek berriro eraman dituzte euren aldarrikapenak Iruñeko kaleetara
Nekazariek berriro eraman dituzte euren aldarrikapenak Iruñeko kaleetara
Nekazariek berriro eraman dituzte euren aldarrikapenak Iruñeko kaleetara

0:38
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Manifestazioak Nekazaritza Lan gatazkak gaur Abeltzaintza María Chivite