Ekonomia -
KAKAOAREN SALNEURRIA
Kakaoaren prezioak markak hautsi ditu: negozio gozoenaren aurpegi garratzena
Kakaoaren salneurria hirukoiztu egin da azken hilabeteetan eta sekula izan dituen maximoetara iritsi da, 10.000 dolar tonako. Txokolatea jaten jarraitu ahal izango dugu edo luxuzko produktu bat bilakatuko da?
A. S. | EITB MEDIA
Albiste txarrak datoz txokolatea maite dutenentzat. Munduko gozorik maitatuenetako baten prezioak muga guztiak gainditu ditu. Aurtengo urtean, % 135eko igoera izan du, eta, ondorioz, txokolatezko tabletek euro bat edo bi egin dute gora.
Lehorteak eta izurriteek ekoizpena % 35eraino murriztu dute kakaoa ekoizten duten herrialde nagusietan, Ghanako eta Boli Kostako uztetan, batik bat, horiek baitira mundu mailako kakao-ekoizle nagusienak.
Eskasiaren beldurrak eraginda, prezioa hirukoiztu egin da azken urtean, eta maximo historikora iritsi da: 10.000 dolar kakao tonako. Hamabi hilabete lehenago 2.900 dolarretan zegoen tona (2.672 euro). Hala txokolatearen prezioak ere nabarmen egin du gora. Kontuan izan behar da txokolatearen beste osagai nagusietako bat ere % 16 hazi dela, azukrea, hain zuzen ere.
Egoera horrek zuzenean eragiten dio txokolatearen industriari; izan ere, haren prezioa % 174 igo da, esaterako, 2023ko Aste Santuarekin alderatzen badugu. Kaltetu handienak, baina, gozozaleak dira, txokolatearen prezioa inoiz ikusi gabeko mailetara igoko dela aurreikusi baitute ondorengo hilabeteetan; izan ere, eskaintzak urria izaten jarraituko duela uste dute. Hurrengo uzta ez da urrira arte izango, eta, zuhaitz berriek bost urte behar izango dituzte heltzeko.
Garai txarrak datoz, hortaz, gozozaleentzako eta gozogintzaren industriarentzako, eta gehien garestituko diren produktuak kakao portzentaje handiena dutenak izango dira. Hala, txokolate-enpresa asko hasi dira dagoeneko beren produktuetan beste aukera merkeago batzuk bilatzen.
Badira igoera gutxiago nabarituko dutenak ere. Horiek txokolatearen artisau txikiak dira. Rafa Gorrotxategi txokolategilearen arabera, Bean to Bar mugimenduaren baitan lanean ari diren gozogileek dagoeneko prezio altuagoan ordaintzen dute kakaoa eta hortaz, igoera txikiagoa izango da, % 30ekoa, gutxi gorabehera.