Etxegabetzeak -

Kaleratzea

Familia bat etxegabetzea saihestu du Sendiak, Barakaldon

Barakaldon, Retuerto auzoko etxebizitza batean bizi da familia alokairuan, eta Sendia elkarteak azken unean etxegabetzea gelditzea lortu dutela adierazi du.

Familia baten etxegabetzea ekiditea lortu dute Barakaldon. Argazkia: EITB
Familia baten etxegabetzea ekiditea lortu dute Barakaldon.
Barakaldoko familia baten etxegabetzea bigarrenez ekiditea lortu dute

0:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sendia Hipotekak Kaltetutako Elkarteak familia baten etxegabetzea ekidin du Barakaldon bigarrenez jarraian. Aita-ama eta bi seme-alaba nerabe bizi dira Retuerto auzoan alokairuan duten etxean.

Sendia elkarteak jakinarazi duenez, dagoeneko 22 enkante eta 24 etxegabetze gelditu dituzte urtebetean espainiar estatuan, eskratxeetara jo gabe eta "indarkeriarik gabe".

Rosa de la Fuente elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, familia honen lehen etxegabetzea maiatzaren 2rako zegoen aurreikusita eta geldiaraztea lortu zuten. Gaur, 10:30erako aurreikusi zuten berriro etxegabetzea, baina azken unean gelditzea lortu dute.

Aitak urtebete darama langabezian eta amak osasun arazoak ditu. Ildo horretan, diru-sarrerak bermatzeko errenta izateko izapideak egiten ari dira; izan ere, hasiera batean forma-arazo bat tarteko, ukatu egin zieten laguntza hori.

Familiak "gizarte-bazterketa izateko arriskua" duela esan du bozeramaileak. Sendia elkarteak Tontxu Rodriguez alkatearekin eta Amaia Rojas Gizarte Ekintza zinegotziarekin batera "larrialdiko laguntza" lortu du, familiak beste alokairu bat lortzeko.

"Udalaren laguntzarekin, epaitegian aurkeztutako idatziekin eta Barakaldoko epaileen babesarekin lortu dugu etxegabetzea geldiaraztea", esan du Sendia elkarteko bozeramaileak.

Jabeen salaketa

Etxebizitzaren jabeek, ordea, etxea uzteko eskatzen diote familiari; izan ere, etxebizitzak baduela jabea azpimarratu dute eta euren gastuei aurre egiteko alokairuaren dirua beharrezkoa zaiela salatu dute.

Orain urtebete jarri zuten etxea alokairuan eta familia honek soilik lehen hiru hilabeteak ordaindu dizkiela esan dute. "Erraztasun asko eman dizkiegu, baina ez digute ezer ordaindu, ezta zati txiki bat ere", esan dute eitb.com-i egindako adierazpenetan. "6.000 euro baino gehiago zor dizkigute eta gainera, fakturak ordaintzen ez dituztenez, zorra guretzat geratuko da", gaineratu dute.

Horregatik, etxea uzteko erregutu diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Barakaldo Etxegabetzeak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua