Gizartea -

Denboralea

Egoerak hobera, elurrak eta euriak arazoak eragin ondoren

Errepideetan eta garraioetan arazoak egon dira, bereziki goizean. Azken orduotan denboralea arindu egin da, baina lur-jausiak utzi ditu Bizkaian eta Gipuzkoan.

Elurrak Araba kolapsatu du

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egun osoan zehar Euskadi eta Nafarroa astindu dituen denboralea hobera doa. Elurteek eta euri zaparradek arazoak eragin dituzte errepideetan eta garraioetan, bereziki goizez, eta ibai askok gainezka egin dute.

Arratsaldez, hala ere, egoerak hobera egin du eta larrialdi planaren maila jaitsi dute. Lehen orduotako euri jasen ondorioz, lur-jausiak izan dira, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan.

Elurte handia Gasteizen

Arabako hiriburuan 10-15 zentimetroko elur geruzarekin esnatu dira, ''azken sei urteotako elurterik handiena Gasteizen'', bertako Udalaren hitzetan. Hiriburuan botatako elurrak trafiko arazo ugari sortu ditu hainbat gunetan, eta zaila da oinez mugitzea ere.

Orain, baina, uholde arriskua da kezka nagusia, botatako elurra urtzea eta hurrengo egunetarako aurreikusita dagoen euria dela-eta.

Halaber, argindar arazo handiak egon dira Araban, egun osoan zehar. Goizean, Gipuzkoako eta Arabako 30.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu dira, eta, egoerak hobera egin badu ere, 19:00etan 3.000 arabar zeuden argindarrik gabe.

Ibaiek gainezka egin dute Bizkaian

Euri zaparradek Bizkaian izan duten ondorio larriena ibaiek gainezka egitea izan da. Arazorik handienak Asuan eta Zangroizen izan dira, eta alerta gorria ezarri dute.  Butroi eta Cadagua ibaietako egoera hobea izan da, eta maila horia eta laranja artean egon dira. Gobelan ere ibaiaren egoera egonkortuz joan da arratsaldez.

Bilboko itsasadarrak gainezka egin du goizaldean Zorrotzaurren, Elorrietan eta San Inazion. Galdakaon eta Etxebarrin ere gainezka egin du Ibaizabalek.

Arratsaldean, lur-jausi bat egon da Etxebarrin bertan, eta argindar-zutoin bat erori da. Ondorioz, hainbat bizilagun argindarrik gabe geratu dira.

Hainbat baserri isolatuta Gipuzkoan

Euriaren ondorioz goiz zaila izan da Gipuzkoan ere, eta, hainbat ikastetxe ixteaz gain, tren zerbitzua eten dute Beasainen eta Zegaman, zuhaitzak erori eta argindarra joan delako.

Euri jasaren ondoren, lur-jausiak izan dira, horietako bat Azkoitian. Ondorioz, 40 bat baserri isolatuta geratu dira.

190 bidaiari tren batean harrapatuta, Nafarroan

190 bidaiari zeramatzan tren bat lau orduz harrapatuta geratu da Altsasu parean, argindarrik gabe egon direlako. Izan ere, 8.000 bat erabiltzaile argindarrik gabe egon dira Altsasun bertan eta inguruetan.

Errobi eta Aturri ibaiek gainezka egin dute Iparralden

Errobi eta Aturri ibaiek gainezka egin dute Baionan. Itsasgoraren ondorioz, normalean baino 30 zentimetro gorago iritsi da ura. Hori izan da unerik arriskutsuena, eta poliki-poliki berera itzuli da ibaia. Ez da arazo larririk izan.

Errepideak Euskadin eta Nafarroan

Egun konplikatua izan da gaurkoa errepideetan. EAEko errepide sare nagusian AP-68 autobidea itxita egon da, eta 19:00etan Opakua, Urduña, Leintz-Gatzaga, Urraki eta Dimako mendateak itxita zeuden, ibilgailu guztientzat.

Normaltasuna izan da nagusi Nafarroako errepide sare nagusian, baina bigarren mailako errepide sareko sei mendate itxita daude, elurra dela-eta, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea