Gizartea -
Denboralea
Uholde arriskua Araban, elurra urtzen hasi baita
Mendiko pista bat ireki dute Azkoitian, luizi baten ondorioz isolatuta egon diren bizilagunentzat.
Erredakzioa
Hurrengo egunetan euria egiten jarraituko badu ere, atzo Euskal Herria astindu zuen euri eta elur denboralearen txarrena pasatu egin da dagoeneko, eta orain kezka izotza urtzea eta ibaien urak dira.
Horren ildotik, lehentasuna gainerako erakundeekin "urtegien eta ibaien ur maila kudeatzea" dela azaldu du Estefania Beltran Heredia Segurtasun sailburuak.
Araban, atzo pilatutako elurra urtzen hasi da, eta, ondorioz, hurrengo egunetarako uholde arriskua dago.
Elurra mara-mara egin zuen atzo lurralde horretan , azken sei urteotako elurte handiena izan zen, hain zuzen ere, eta Gasteiz kolapsatu egin zen. Nafarroan ere arazo ugari izan ziren, Sakanan batik bat. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, euriak izan ziren arazo, hainbat ibaik gainez egin baitzuten, eta hainbat errepide itxi egin behar baitzituzten. Guztira, 30.000 etxe argindarrik gabe izan ziren ia egun osoan.
Gaueko azken orduetan, oraindik ere 5.000 etxek argindarrik gabe jarraitzen zuten Arabako lautadan, baina Iberdrolak ez du baieztatu arazoa dagoeneko konponduta dagoen.
Gertakizunen alorrean, 40 baserri inguru bakartuta egon dira Azkoitian, luizi bat dela eta. Lur-jausia atzo jazo zen, 15:00etan, eta, ondorioz, GI-3172 errepidea itxi behar izan zuten. Bidea garbitzen ari dira oraindik. Bien bitartean, bide alternatibo bat ireki dute, baina lur orotariko ibilgailua behar da bertatik pasatzeko.
Abisuak bertan behera
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak bertan behera utzi ditu izotzari eta olatu handien arriskuari zegozkien abisu horiak. Bestalde, euriari dagokion abisu horia gauerdira arte egongo da indarrean.
Errepideen egoera
Errepideak bere onera etorri dira gaur, atzo kolapsatu eta gero, eta Opakuako mendatea (Araba) baino ez dago guztiz itxita une honetan.
Otzaurte (Gipuzkoa) ere itxita dago, baina ibilgailu artikulatuentzat bakarrik.
Gainerako bideetan arazo barik zirkulatu daiteke, N-1 errepidean izan ezik, Agurainen (Araba), Gasteizerako noranzkoan, itxi egin baitute zortzi ibilgailuk istripua izan eta gero. Bi pertsona arin zauritu dira.
Bizkaian, luizi bat izan da N-634 errepidean, Etxebarrin, eta, ondorioz, errei bat itxi dute Bilborako noranzkoan.