Gizartea -

Ebazpena, irmoa

Baieztatu egin dute EHUko dekano eta zuzendari ohien zigorra

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du aintzat hartu Goirienaren eta Barranqueroren helegitea, eta berretsi egin du 5 urteko kartzela-zigorra ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik.

Francisco Javier Goiriena EHUko Medikuntza fakultateko dekano ohia, epaiketan. Argazkia: Efe
Francisco Javier Goiriena EHUko Medikuntza fakultateko dekano ohia, epaiketan.
Francisco Javier Goiriena EHUko Medikuntza fakultateko dekano ohia, epaiketan. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Azuitegi Nagusiak ez du aintzat hartu Francisco Javier Goiriena EHUko Medikuntza fakultateko dekano ohiak eta Montserrat Barranquero Estomatologia Saileko zuzendari ohiaren helegitea, ondasun publikoak bidegabe eragiltzeagatik jarri zieten bost urteko kartzela-zigorra berretsiz.

2012ko urrian, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 5 urte eta 3 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zien Goirienari eta Barranquerori. Gainera, bederatzi urteko gaitasungabetzea eta EHUri 168.400 euroko kalte-ordaina ematera behartu zituen.

Bi irakasleek helegitea jarri zuten zigorraren kontra, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Zigor Aretoak berretsi egin du Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren ebazpena. Herri-epaimahaiak ebatzi zuen bi akusatuek EHUren dirua lapurtu zutela eta dokumentuak faltsutu zituztela.

Epaimahaiaren arabera, 1994 eta 2000 artean, dekano eta zuzendari ohia bikotekideak ziren eta elkarrekin jardun zuten ikerketara eta graduondokoetara bideratutako dirua lapurtzeko. Gainera, elkarteak sortu zituzten eta horien bitartez faktura faltsuak egiten zituzten EHUri kobratzeko.

Hori horrela, Juan Luis Ibarra, Nekane Bolado eta Antonio Garcia epaileek ebatzi dutenez, Goiriena eta Barranquero bazkideak ziren bezero bakarra EHU zuten elkarte batzuetan, eta "eman ez ziren" zerbitzu batzuengatik 34 "faktura faltsu" kobratu zituzten.

"Akusatuek esku batekin faktura prestatzen zuten merkataritza elkarteen izenean eta bestearekin EHUren izenean egiten zuten ordainketa", epaileen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU berriak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak