Gizartea -
Hondamendi naturala
Iparraldeko alkateek diote turismoak behera egin zuela Prestigengatik
Donibane Lohizuneko eta Bidarteko alkateen arabera, "%30 edo % 40 inguru" egin zuen behera turista kopuruak hondamendi naturalaren ondorioz.
Erredakzioa
Donibane Lohizuneko eta Bidarteko alkateek adierazi dutenez, "% 30 edo % 40 inguru" murriztu zen turista kopurua 'Prestige' petrolio-ontziaren hondamendi naturala dela eta. Bi alkateek bideokonferentziaz deklaratu dute auzia aztertzen ari den epaiketan, istripuagatik izan zuten kalte ekonomikoa salatzeko.
Hori horrela, Peyuco Duhart Donibane Lohizuneko alkateak hondamendiak eragindako "kostu ekonomiko eta ekologikoa" azpimarratu du.
Izan ere, petrolio orbanak garbitzeko "esfortzu handia" egin bazuten ere, kostan "kalte larria" egin zuela eta turismoaren eta arrantzaren sektorean eragina izan zuela salatu du.
Gainera, maiatza arte egoerak ez omen zuen hobera egin, eta horrek eragin zuzena izan zuen turismoan.
Antzeko adierazpenak egin ditu Emmanuel Alzuri Bidarteko alkateak ere. Alzurik azaldu duenez, lehenengo petrolio orbanak 2003ko urtarrilean iritsi ziren eta apirila arte hondartzak itxita egon ziren.
Alkateak esan du 280.000 euro inguruko gastua egin zuela garbiketa lanetan, eta turismoan eta jarduera ekonomikoan izandako kalteaz gain, herriaren irudiari egin ziola "kalte handiena".