Gizartea -
Zaldi haragiaren polemika
Eroskiko hanburgesak direla eta jarritako salaketa artxibatu dute
Kontsumobidek adierazi duenez, zaldi haragiaren DNA zutela salatu zuten hanburgesen etiketetan ez zen inolako iruzurrik egin eta ez zegoen kontsumitzaileenganako informazio faltarik.
Erredakzioa
Kontsumitzaileen Elkarteak 'Eroski basic' hanburgesek zaldi haragiaren DNA zutela eta jarritako salaketa artxibatu du Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak.
Kontsumitzaileen Elkarteak salaketa jartzeko garaian ez zuen analisirik aurkeztu, geroago egin zuen, eta salatutakoa ez zen beste produktu baten argazkia igorri zuen aztertutako produktuaren sailean akatsak eginez, guzti horren ostean, salaketa artxibatzea erabaki dute.
Kontsumitzaileen Elkarteak joan den urtarrilaren 29an supermerkatuetan salgai zeuden 20 hanburgesa freskoen azterketa jasotzen zuen txostena kaleratu zuen, bertan, Eroskik 'Eroski basic' izenarekin salgai zituen hanburgesetan zaldi haragiaren DNA atzeman zutela salatu zuen.
Salaketa horren aurrean, Eroskik badaezpadako neurri gisa hanburgesak merkatutik erretiratzea erabaki zuen eta ikerketa hasi zuen Carnes Selectas hanburgesen fabrikatzailearekin elkarlanean.
Halaber, Eroskik Xenotechs laborategiari eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluari 55 hanburgesetan jasotako laginen inguruko ikerketa bat agindu zien.
Laborategi independenteak egindako azterketak, otsailaren 1ean, hanburgesetan zaldi haragiaren DNArik ez zegoela egiaztatu zuen.
Hori dela eta, Kontsumobidetik adierazi dutenez, kontsumitzaileen elkarteak bere txostenean kaleratutakoaren kontra, produktuaren etiketan ez zen iruzurrik egin eta ez zegoen kontsumitzaileenganako informazio faltarik.