Gizartea -

Epaia

7 hileko kartzelaldia, etxe batzuen zozketan istiluak eragiteagatik

Babes ofizialeko etxebizitzen zozketa amaitzean, 60 urteko gizonezkoa mahaira gerturatu zen haserre, eta hiltzeko mehatxua egin zien zozketaren arduradunei.

Istiluak Gasteizen, babes ofizialeko etxebizitza batzuen zozketan

00:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko epaitegi batek zazpi hilabeteko kartzela zigorra eta 300 euroko isuna ezarri dio 60 urteko gizonezko bati, babes ofizialeko etxebizitza batzuen zozketan, arduradunei mehatxuak eta bi udaltzaini eraso egitea egotzita. Hala ere, gizonezkoak helegitea aurkeztu ahal izango du Arabako Probintzia Auzitegian.

Epaian irakur daitekeenez, 2011ko azaroaren 24an, babes ofizialeko etxebizitza batzuk zozketatu ondoren izan ziren istiluak.

60 urteko gizonezkoa ez zen zozketaren emaitzarekin konforme gelditu, eta mahaira gerturatu zen, haserre, bertan zeudenak irainduz. Halaber, pistola bat erosi eta zozketaren arduradunak hil egingo zituela oihukatu zuen.

Udaltzainak gizonezkoa lasaitzen ahalegindu ziren, eta bertatik alde egiteko eskatu zioten. Bidean, gizonezkoak mehatxu egin zien udaltzainei, eta horietako biri eraso egin zien.

Epaiketan, dena ukatu zuen, eta udaltzainek kolpatu egin zutela salatu zuen. Udaltzainek eta lekukoek, ordea, ukatu egin zuten gizonezkoaren bertsioa. Epailearen iritziz, frogatuta geratu dira epaituriko gertaerak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz albisteak Albisteak Espetxeen albisteak gaur Etxebizitza albisteak