Gizartea -

Polemikaren ostean

Hondakinen bilketarako sistema mistoa izango du azkenean Legazpik

Atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren arteko sistema izango dela azaldu du Legazpiko alkateak.

Hondakinen bilketarako edukiontziak Legazpin. Argazkia: EITB
Hondakinen bilketarako edukiontziak.
Legazpiko Udalak atez atekoa eta 5. edukiontzia jarriko ditu

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legazpik hondakinen bilketarako atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren arteko sistema mistoa ezarriko du azkenean, Kepa Urzelai (Bildu) alkateak azaldu duenez.

Apirilaren 20an eta 21ean herri-galdeketa egin zuten Legazpin, Atez Atekoaren Kontrako Herri Plataformak deituta. Urzelaik esan duenez, helburua "herria zero zabor filosofiarantz joatea da".

Alderdi eta eragile ezberdinen iritziak hausnartu ostean, Udalak sistema mistoa jartzea erabaki duela esan du alkateak, hau da, atez ateko sistema eta bosgarren edukiontzia batera egongo dira.

Hondakinen kudeaketaren auzian "herria zatituta" dagoela onartu du alkateak eta herri-galdeketan "argi geratu zen batzuek bosgarren edukiontzia probatu nahi dutela, beste askok, atez atekoaren alde daudela azaldu duten bezala".

Egun, Sasietako Mankomunitatean bi sistemak daudela ekarri du gogora alkateak, eta datuak "oso argiak" direla gaineratu du. Ildo horretan, atez atekoa duten herrien artean, "gutxienez % 73 birziklatzen" dela esan du, eta bosgarren edukiontzia duten lekuetan, ordea, "ez dira % 45etik pasatzen".

Azkenik, datozen egunetan sistemaren xehetasun guztiak jakinaraziko dituztela iragarri du. "Gure helburua argia da, % 73tik gorako birziklapen-tasa lortzea", ondorioztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Legazpi albisteak Ingurumena Birziklatzea Euskadin Goierriko albisteak