Gizartea -

Ministroen Kontseilua

Espainiako Gobernuak gaur onartuko du Werten hezkuntza erreforma

Litekeena da selektibitatea bertan behera uztea, eta Estatu mailako ebaluazioak abiatzea. DBHko 4. maila hastapen ikasturtea izango da, Batxilergorako eta LHrako ibilbideekin.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral honetan onartuko du Ministroen Kontseiluak LOMCE Hezkuntza erreforma, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak ostegun honetan baieztatu duenez.

Litekeena da hezkuntza arloko erreformaren proiektuak selektibitatea bertan behera uztea, eta hezkuntza etapa bakoitzaren bukaeran Estatu mailako ebaluazioak martxan jartzea. Halaber, DBHko 4. maila hastapen ikasturtea izango da, Batxilergorako eta LHrako ibilbideekin.

Ikasleek etapa bakoitzaren azken ebaluazioak gainditu beharko dituzte DBH edo Batxilergo titulua lortzeko. Batxilergoko tituluak aukera emango du unibertsitatera sartzeko, baina, unibertsitateek formazio osagarria eta froga zehatzak baloratu ahal izango dituzte.

Astebete atzeratu dute

Gobernuak orain astebete onartu behar zuen lege proiektua, baina alderdi ekonomikoak oraindik aztergai dituztela argudiatuta atzeratu egin zuen.

''Galdera guztiek erantzun argi eta zehatza izango dute bihar'', esan du Wert ministroak ostegun honetan Bruselan, legearen txosten ekonomikoaz eta atzerapenaren arrazoiaz galdetuta.

Erreformaren beharra berretsi du ministroak, eta alderdi politikoek Kongresuan azken hitza izango dutela azpimarratu du. "Burutik pasatu ere egin ez zaidana da erreformarik ez egitea'', gaineratu du ministroak.

Irakasgai motak

LOMCE erreformak bi urteko oinarrizko Lanbide Heziketa jasoko du (15 urte baino gehiago eta zailtasunak dituzten DBHko bigarren eta hirugarren mailako ikasleentzat); DBHko titulua lortzeko aukera ere eskainiko du.

Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko irakasgaiak, aurreikuspenen arabera, hiru motatakoak izango dira: Enborrekoak, berariazkoak edo espezifikoak, eta erkidegoek itxuratu ahal izango dituztenak.

Gobernuak erabakiko ditu enborreko ikasgaien edukia eta ordutegia (gaztelania, matematikak, zientziak eta atzerriko hizkuntza). Horiei zuzendu beharreko denbora ez da ikasgai osoek hartuko dutenaren % 50 baino gutxiago izango.

Erkidegoek erabakiko dituzte berariazko irakasgaien (heziketa fisikoa, kultura klasikoa eta musika) eta konfigurazio askekoen inguruan. Azken horietan sartuko ditu legeak hizkuntza koofizialak, eta ''gaztelaniaren tratamendu berdintsua'' izango dute.

Hizkuntza koofizialak

Herritartasunerako Hezkuntza izeneko ikasgaia desagertu egingo da, eta hizkuntza koofizala duten erkidegoetan gaztelaniaz ikasteko aukera ere arautuko du. Hizkuntza Ministerioak aurreratu duenez, erkidego horietan gaztelaniaz ikasi nahi dutenentzat aukera hori bermatuta egongo da.

Erreforma 2014-2015 ikasturtean abiatu nahi dute.

Kritikak

Euskadi, Katalunia eta PSOE buru duten erkidegoetako buruzagiak erreformaren kontra agertu dira. LOMCEren aurka egin dute ere hezkuntza arloko sektoreek, bereziki hezkuntza publikoan.

Hala, maiatzaren 9an erreformaren kontrako greba eta protesta eguna egin zuten sindikatuek, irakasleek, gurasoek, eta ikasleek, elkarrekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hezkuntza