Gizartea -

Uraren presentzia Marten

Opportunity robotak buztina aurkitu du Marteko harri batean

NASAko zientzialarien ustez, aurkikuntza horrek duela milioika urte ondoko planeta epelagoa eta hezeagoa izan zela frogatzen du.

Opportunity robotak 2004tik darama Marte esploratzen. Argazkia: EFE.
Opportunity robotak 2004tik darama Marte esploratzen. Argazkia: EFE.
Opportunity robotak 2004tik darama Marte esploratzen. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Opportunity ibilgailu esploratzaileak buztina aurkitu du Marteko harri batean. Hala, NASAko zientzialarien arabera, iraganean harri hori uraren kontaktuarekin eraldatu zen.

Robota 2004tik dago Marten, eta adituek adierazi dutenez, planeta horretan "ura egon zela frogatzen duen adibiderik garbiena aurkitu dugu".

Steve Squyres misio horren ikerlari nagusiak azaldu duenez, "orain arte egindako aurkikuntza guztiek Marten PH baxuko ura egon zela adierazten zuten". Hau da, "ura azidoa zen", azaldu du.

Hala ere, Opportunityk egindako azken aurkikuntza horren analisien arabera, edangarria izan zitekeen ura ere egon zen duela milaka milioi urte, buztinezko harriak PH neutroarekin eratu zirenean, "planeta horren baldintzak gogorragoak eta ura azidoagoa bilakatu baino askoz ere lehenago", zehaztu du ikerlariak.

Buztinak aluminio asko du, baina robotaren X izpien espektrometroak harri baten elementu atomikoak soilik bereiz ditzakeenez, oraingoz ezin dute segurtasun osoz harriaren konposizioa baieztatu.

Ikerlarien arabera, Marten buztina egoteak duela milioika urte planeta epelagoa eta hezeagoa izan zela erakusten du. "Urak harri honen konposizio kimikoa eta bere mineralogia eraldatu zuela baieztatzen duten froga garrantzitsuak ditugu dagoeneko", esan du Squyresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia albisteak Zientziaren hedapena zuzenean Marte albisteak Eguzki sistema