Gizartea -
Ezbeharra Santiagon
Sergio Prego hondarribitarra: 'Kolpea hartu behar genuela ikusi nuen'
Hondarribiko artista trenetik atera eta bertaratu ziren bizilagunen laguntza jaso zuen lehen bidaiarietakoa izan zen.
Amaia Akordagoitia | eitb.com
Sergio Prego artista hondarribiarra asteazken gauean, Santiagon, ezbeharra izan zuen trenaren lehen bagoian zihoan. Orain arte, gutxienez 78 pertsona hil eta beste 140 zauritu dira, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez. Trenak gutxienez 218 bidaiari zeramatzan. "Bihurgunean nola sartu ginen ikusi nuenean, kolpea hartu behar genuela ikusi nuen", esan du Pregok.
EITBri azaldu dionez, Prego trenetik atera eta bertaratu ziren bizilagunen laguntza jaso zuen lehen bidaiarietakoa izan zen. Manta bat eta telefono bat eman zioten eta emazteari deitu ostean, tren geltokian zain zituen anaiarekin eta koinatuarekin hitz egin zuen.
Bi euskal herritar, biktimen artean
Andoaingo eta Gasteizko bi emakume daude Galiziako tren istripuan hildako 78 pertsonen artean, Espainiako Poliziaren bozeramaileek prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Hain zuzen ere, biktima horietako bat Karleme Sanz Manrique (53 urte) da. Andoaingoa (Gipuzkoa) zen, baina Santiagora joan zen duela 25 urte, lan kontuak direla eta. Ekonomialaria zen, ez zegoen ezkonduta eta ez zuen seme-alabarik.
Antza denez, hilabetean behin Madrilera joaten zen, eta bueltan zegoenean jazo zen istripua.
EAEko beste biktima Maria de los Angeles Moreno da. 46 urtekoa eta Gasteizko bizilaguna zen, baina ez dute datu gehiagorik eman horri buruz.