Gizartea -

Ezbeharra Santiagon

Tren istripuan hildako andoaindarrari azken agurra emango diote gaur

Karmele Sanz Manriqueren gorpua ostiral honetan gaubeilatu dute Donostian. 31 zaurituk oso larri jarraitzen dute ospitalean.

Medikuek azken 7 gorpuak identifikatzeko lanetan jarraitzen dute. Irudia: EFE
Medikuek azken 7 gorpuak identifikatzeko lanetan jarraitzen dute. Irudia: EFE
Andoaingo eta Gasteizko bi emakume tren istripuaren biktimak izan dira

1:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoaingo udalerriak azken agurra eskainiko dio gaur Karmele Sanz Manrique auzokideari, Galiziako tren istripuan hildako euskal herritarretako bat.

Karmele Sanz Manrique (53 urte) Andoaingoa (Gipuzkoa) zen, baina Santiagora joan zen duela 25 urte, lan kontuak direla eta. Ekonomialaria zen, ez zegoen ezkonduta eta ez zuen seme-alabarik. Antza denez, hilabetean behin Madrilera joaten zen, eta bueltan zegoenean jazo zen istripua.

Karmele Sanz Manriqueren gorpuzkiak ostiralean heldu dira Donostiara eta Donostialdeako beilatokira eraman dituzte. Andoaindarraren hileta gaur egingo dute Andoaingo Santa Cruz parrokian, ehorztetxeko iturriek jakitera eman dutenez.

Euskal Herriko beste biktima Maria de los Angeles Moreno (46 urte) da. Gasteizkoa zen, baina Salamancan bizi zen.

Hildako kopurua

Tren istripuko biktimen hileta uztailaren 29an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Santiagoko katedralean. Iñigo Urkullu lehendakaria hileta-elizkizunean izango da.

Gaur, larunbata, 42 bidaiari daude oraindik Santiagon ospitaleratuta, horietatik 31 oso larri. Halaber, Poliziak 80tik 78ra jaitsi du hildakoen kopurua. Dagoeneko 73 gorpu identifikatu dituzte eta beste bostei azterketa gehiago egin behar dizkiete.

Makinaria, atxilotuta

Bestalde, trenaren makinariari alta eman diote, eta polizia-etxera eraman dute,  "zuhurtziagabekeria" egotzita. Tren-gidariak bihar deklaratuko du epailearen aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea