Gizartea -
Trenbideetako segurtasuna
Segurtasuna indartuko dute gaurtik aurrera abiadura handiko tarteetan
Adifek seinale finkoak eta automatikoki balaztatzeko ASFA sistema digitala duten baliza progresiboak jarriko ditu, Santiagoko tartean istripua gertatu eta egun gutxira jarritakoak bezalakoak.
Erredakzioa
Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak segurtasun neurri berriak ezarriko ditu gaurtik aurrera 160 km/h-tik gorako tarteetan. Berritasunen artean daude, besteak beste, seinale finkoak eta automatikoki balaztatzeko ASFA sistema digitala.
Manuel Besteiro Galindo Zirkulazioko Segurtasun zuzendariak zirkular bat bidali zuen abuztuaren 13an, Santiagoko tren istripua gertatu eta 20 egunera, eta bertan irakur daitezke segurtasun arloan egingo dituzten aldaketak. Uztailaren 24ko tren istripuan 79 pertsona hil ziren eta 150 zauritu.
Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak Diputatuen Kongresuan iragarri zuenez, "protokoloak, trenbideko sistema guztiak eta abiaduren koadroak berrikusiko dira". Halaber, istripua gertatu zen tartean baliza progresiboak ezarri zituzten egun gutxira, eta abiadura tarte gutxian asko jaisten zen tokietan horrelako gehiago jarriko zituztela adierazi zuen.
Besteiro Galindok sinatutako zirkularrean irakur daitezkeenez, abuztuaren 31n jarriko dira indarrean segurtasun neurri berriak 160 km/h-tik gorako tarteetan, eta abiadura bat-batean asko jaitsi behar den tarteetan.
"Sistemak ezarritako abiadura kontrolak alde batera utzita, tren-gidariak ez du seinaleetan ageri den gehiegizko abiadura gainditu", dokumentuaren arabera.