Gizartea -
Ezbeharra Santiagon
Hilabete igaro da Santiagoko tren istripua izan zenetik
79 lagun hil ziren eta 150etik gora zauritu. Oraindik ere 14 lagunek ospitalean jarraitzen dute, eta horietako bat larri dago.
Erredakzioa
Hilabete igaro da Santiagoko tren istripuan izan zenetik, eta ezbeharrean 79 pertsona hil eta 150 lagunetik gora zauritu ziren. Gaur gaurkoz, 14 zaurituk ospitalean jarraitzen dute eta horietako bat egoera larrian dago. Madril-Ferrol ibilbidea egiten ari zen Alvia trena errailetik atera zen Angrois herrian, Santiagoko geltokitik kilometro gutxira.
Luis Alaez kasuko epaileak Francisco Jose Garzon tren gidaria inputatu zuen, ezbeharra gertatu eta lau egunera. Epaileak ez du uste, ordea, istripuaren erantzukizuna gidariarena bakarrik denik eta Ourense-Santiago ibilbideko segurtasun arduradunak inputatu nahi ditu, eta Trenbide Azpiegituretako Kudeatzaileari (Adif) arduradunak zein diren zehazteko eskatu dio.
Epailearen ustez, gehiegizko abiadurak eragin zuen ezbeharra, baina segurtasun neurri prebentiboek huts egin zuten eta segurtasun aduradunei arduragabekeriaz jokatzea egotzi die.
Adifek ez daki nor den trenbide zati horren arduraduna
Trenbide Azpiegituretako Kudeatzailea (Adif) aztertzen ari da tren istripuaren auzia eramaten ari den epailearen eskariari nola erantzun; izan ere, ez daki zein edo zeintzuk diren trenbidearen zati horretako Adifen arduraduna edo arduradunak.
Gainera, Adifek ez daki noizko bidaliko duten epaileak eskatutako informazioa (inguruan izandako gertakarien dokumentazioa, baimendutako abiaduren txosten teknikoak eta irizpideak, segurtasun protokoloak eta barne auditoriak) eta noiz jakingo duten nortzuk diren segurtasun arduradunak.
"Aholkulari juridikoak autoa aztertzen ari dira, ez baitago oso argi epaileak eskatzen dituen pertsonak nortzuk diren", adierazi dute Adifeko iturriek.
Epailearen aurrean lekuko gisa deklaratu dute istripuaren ondorengo minutuetan gidariarekin egon ziren pertsonek eta baita istripua baino 11 segundu lehenago gidariarekin hitz egin zuen treneko interbentoreak ere.
Trenbide sistema berrikustea
Trenbide sistema berrikusteko eskatu dute horrelako ezbeharrik berriro gerta ez dadin. "Une honetan guztia berrikusten ari gara", adierazi zuen Ana Pastor Sustapen ministroak. Halaber, hainbat neurri hartuko ditu Espainiako Gobernuak segurtasuna areagotzeko, hala nola, abiadura mugak errepasatzea eta komunikazio sistema berriak jartzea.