Gizartea -

3 Michelin izar

Eneko Atxak jatetxea irekiko du Thailandian

Aziamendi da jatetxe berriaren izena eta Phuketeko luxuzko hotel esklusibo batean egongo da.

Eneko Atxa sukaldaria
Eneko Atxa sukaldaria
Eneko Atxa sukaldaria

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru Michelin izar dituen Eneko Atxa euskal sukaldariak jatetxe berria irekiko du Thailandian. Aziamendi jatetxe berria Phuketeko luxuzko hotel esklusibo batean egongo da eta sukaldariak adierazi duenez, "Azurmendiko espiritua mantentzen duten platerak eskainiko ditu, beti ere, hango ingurura egokituta". Abenduan irekiko ditu ateak lokal berriak, 11aren bueltan.

Ilusioz beterik agertu da bizkaitarra proiektu berriarekin. Ekimen berria aurrera eraman ahal izateko "aspalditik" ondoan duen taldea aukeratu du. Alex Burger izango da sukalde burua eta berarekin arituko dira Azurmedin prestatu diren sukaldari thailandiarrak. Behzad Davarkia alemaniarra arduratuko da aretoaz eta Fabien Etienne frantziarra izango da sommelierra.

Sukaldariak adierazi duenez, jatetxe berriko sukaldeak "Azurmendin egiten den sukaldaritzarekin antzekotasunak izango ditu". "Modu berean egingo dira platerak, baina Thailandiako produktuetara eta ingurura egokituko ditugu", gaineratu du. Azurmendi eta Aziamendi artean arituko da lanean Atxa, nahiz eta bere "lehentasuna" Larrabetzuko jatetxea izan. Azurmendin lortu zuen Atxak joan den azaroan bere hirugarren Michelin izarra. Bertan, euskal sukaldaritzan oinarritutako platerak prestatzen ditu "nortasuna eta aniztasuna bilatuz", ekologikoak eta kilometrorik gabekoak, Azurmendin bertan dute baratzea eta.

Atxak adierazi duenez, "dastatzeko menuak eskainiko dira jatetxea berrian, nahiz eta bezeroari egokituko diren". Aziamendik "30-40 lagunentzako tokia" izango du, eta "dekoratzaile ezberdinek prestatutako gelak dituen luxuzko hotel batean egongo da", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gastronomia sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak azken ordukoa Asia Zer gertatzen ari da Larrabetzu? Thailandia