Gizartea -
Altxerriko labar-pinturak
Aranzadi: 'Europako zaharrenak diren edo ez baloratzea ez da egokia'
Zientzia Elkartearen ahotan, "ikerkuntzek berriz ere Altxerriko kobako labar-pinturen antzinatasuna baieztatu dute", baina sailkapen batean kokatzea saihestu du.
Erredakzioa
Aranzadi Zientzia Elkartearen ahotan, "ikerkuntzek berriz ere Altxerriko kobako labar-pinturen antzinatasuna baieztatu dute, Euskal Herriko nahiz Europako zaharrenetakoak direlarik". Baina "Aranzadiren zuhurtzia dela eta, elkarte honek ez du baloratuko Europako rankingean pinturak zaharrenak diren edo ez", erantsi du.
Journal of Human Evolution aldizkariak Altxerri leize-zuloari buruzko ikerkuntza argitaratu du eta horregatik Aranzadi "pozik" azaldu da.
Zientzia elkarteak ohar batean gogorarazi duenez, iaz aurkikuntzaren 50. urteurrena ospatu zuten. Bestalde, aurten goiko galerian felido eta hartz baten margoak topatu dituzte, besteak beste. Gainera, bisonte handiaren alboan aurkitu den hezur baten datazioa egin eta 39.000 urteko kronologian kokatzen dela ziurtatu dute.
"Aitor Ruiz, Cesar Gonzalez, Diego Garate, Eneko Iriarte Aranzadiko bazkideek osatzen duten taldeak, Kantabriako Unibertsitatearen laguntzarekin, Europar labar artearentzat garrantzi handia duen ikerketa egin dute", azaldu du Aranzadik.
"Hori guztiagatik haien lana baloratu eta eskertzen dugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak margo hauen eta Altxerriko aztarnategiaren ezagutza bultzatzen jarraituko du", gaineratu du.