Gizartea -

Herri galdeketa

Kuartangoko herritarrek ezezkoa eman diote 'fracking' sistemari

Parte-hartzea % 75ekoa izan da, eta horietatik % 98k haustura hidraulikoaren kontra bozkatu dute.

Kuartangoko bizilagun bat, boza ematen. EiTB.
Kuartangoko bizilagun bat, boza ematen. EiTB.
Kuartangoko herritarren % 98k 'fracking'aren aurka bozkatu du

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Kuartango udalerriko herritarrek ia aho batez ezezkoa eman diote "fracking" edo lurpetik gasa ateratzeko haustura hidraulikoaren sistemari, herrian gaur egin duten galdeketan. "Fracking"ari buruzko Estatu mailako lehenengo galdeketa egin dute gaur Kuartangon. Parte-hartzea % 75ekoa izan da, eta horietatik % 98k haustura hidraulikoaren kontra bozkatu dute.

343 herritarrek zuten boto eskubidea eta 260 lagunek parte hartu dute galdeketan (% 75,8). Orotara, 256 kontrako boto, 3 aldeko eta boto baliogabe bat izan dira.

Biztanleei haustura hidraulikoa euren eremuan erabiltzearekin ados dauden galdetu diete.

Madrileko Gobernuak galdeketa loteslea egiteko baimenik eman ez bazuen ere, Kuartangoko 350 biztanleek gas naturala ateratzeko teknika polemikoari buruz duten iritzia emateko aukera izan dute.

Kuartango 20 udalerri inguruk osatzen dute eta Gasteiztik 27 kilometrora dago. 2012ko otsailean "fracking gabeko gunea" izendatu zuten, eta horretan ere aitzindari izan dira Estatu mailan.

Erreakzioak

Emaitzen berri izan ostean, herritarren erabakia hiri-antolamenduko planean txertatuko duela adierazi du Iñaki Guillema Kuartangoko alkateak. Halaber, herritarren iritzia beste instituzioen eta estamentu judizialen aurrean defendatzeko prest agertu da.

Mikel Otero "Fracking ez Araba" plataformako bozeramaileak herritarren parte-hartzea nabarmendu du. Horren ustez, emaitzak Kuartangoko herriak teknika horren erabilera baztertzen duela frogatzen du.

Euskal Herriko gainerako udalerriei antzerako galdeketak egiteko deia luzatu die, eta plataformak "fracking" sistema EAEn eta Espainian bertan behera uzteko lan egingo duela gaineratu du.

Bestalde, "Fracking ez Araba" plataforma sinadurak biltzen ari da "fracking"ari buruzko herri ekimen legegilea Eusko Legebiltzarrera eramateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea Frackinga Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Gas naturala