Gizartea -

Hezkuntza Ministerioa

Bruselak, Erasmus beken murrizketaren harian: 'Zaborra da'

Irizpide aldaketa dela-eta, Europak Espainiako Erasmus beketara bideratutako laguntza erdira jaitsiko zutela iragarri zuen Hezkuntza Ministerioak atzo. ''Zaborra da'', esan du EBko bozeramaileak.

Wertek esandakoa 'zaborra' dela adierazi du Bruselak

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioak kontrakoa iragarri bazuen ere, Espainiako ikasleen Erasmus beketara 2014an bideratutako diru-laguntza % 4 igo duela esan du gaur Europako Batzordeak (EB). Halaber, % 60 igoko da zenbateko hori datozen 7 urteotan, EBk azpimarratu duenez.

Atzo bertan Europatik bideratutako laguntza erdira jaitsiko zela iragarri zuen Hezkuntza Ministerioak, eta, informazio horren inguruan galdetuta ''erabat faltsua'' dela esan du Dennis Abbott EBko Hezkuntza arloko bozeramaileak. ''Ez dakit nola esan modu diplomatikoago batean. Zaborra da'', gaineratu du.

Ildo horretan, Bruselak Espainiako Gobernuari egotzi dio Erasmus programan parte hartzen duten ikasleen balizko inongo murrizketarik.

Hala, Erasmus+ programa berriari (tartean praktikak biltzen ditu programa berri horrek) bideratutako laguntza handitzeak ez du esan nahi unibertsite ikasleen laguntza murrizten denik, Abbottek adierazi duenez.

Hezkuntza Ministerioaren informazioa

Europa Erasmus beketarako herrialde bakoitzari esleitzen dion laguntzaren zenbatekoa ezartzeko irizpidea aldatzea aztertzen ari dela iragarri zuten atzo Hezkuntza Ministerioroko iturriek. Zehazki, unibertsitateetako ikasle kopurua kontuan izan ordez, herritar kopurua hartu nahi omen du kontuan Europak, informazio horren arabera.

Wertek ukatu egin du halakorik iragarri izana

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak, bestalde, Europak bideratutako laguntzetan murrizketarik egongo denik iragarri izana ukatu du gaur. Bruselako Hezkuntza bozeramaileak egindako adierazpenez galdetuta, ministroak esan du ez dela ''zuzenketa'', eta ''hainbat pertsonek'' atzoko bileraren ondoren egindako adierazpenei eta ''beste batzuek egindako interpretazioei'' egotzi die zabalduko informazioaren erantzukizuna.

Werti ''erabateko babesa'' agertu dio Rajoyk

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak, bestalde, ''erabateko babesa'' agertu dio Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroari, Europako Batzordean piztutako polemikaren ondoren.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela albisteak