Gizartea -

Hezkuntza erreforma

LOMCE 'munstro desitxuratua' dela salatu du oposizioak

Kongresuak behin betiko onartuko du gaur Wert ministroaren erreforma. UPN abstenitu egingo da, eta gainerako alderdi guztiek aurka bozkatuko dute.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. EFE
Maite Aristegik bertso batekin bukatu du LOMCEren aurkako hitzaldia

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diputatuen Kongresuak behin betiko onartuko du gaur Jose Ignacio Wert ministroaren hezkuntza erreforma polemikoa (LOMCE), PP ez beste alderdi politiko guztiak eta hezkuntzaren sektorea aurka badaude ere.

Legeak PPren babesa baino ez du izango. UPN abstenitu egingo da, eta gainerako alderdiek aurka bozkatuko dute.

Saioan, oposizioak kritika gogorrak egin dizkio LOMCEri, "inork gustuko ez duen munstro desitxuratua", kasu. Gainera, PPk agintea galtzen duenean baliogabetu egingo dutela gogorarazi dute, eta PSOEk Konstituzionalera joko duela iragarri du.

Wert ministroak Biblia-ko adierazpen batekin egin du erreformaren alde: "Suntsitzeko aro bat dago, eta eraikitzeko beste bat".

Euskal taldeen artean, Isabel Sanchezek (EAJ) erreforma Konstituzioaren aurkakoa dela azpimarratu du, eta Euskadik ez diola hezkuntza sistema propioari uko egingo ohartarazi du.

Maite Aristegi Amaiurreko diputatuak bertso batekin egin du LOMCEren aurka: "Euskal Herrian gure hezkuntza / ari gara eraikitzen / eta LOMCEri ez diogu utziko / gure ikasgeletan sartzen". Celia Villalobos Kongresuko presidenteordeak bertsoa eten, eta hitzak itzultzeko eskatu dio.

Wertek iazko irailean aurkeztu zuen erreformaren lehen zirriborroa, eta, ordutik hona, oso aldaketa gutxi egin ditu testuan. Hain zuzen ere, talde parlamentarioek Kongresuan eta Senatuan aurkeztutako 1.666 zuzenketatik, 107 baino ez dituzte onartu, eta horietako 67, gainera, PPk proposatutakoak dira.

Onartutako zuzenketa polemikoenetako bat UPyDk proposatu zuen: gaztelania komunikazio hizkuntza izatea Estatu osoan.

Euskadi, LOMCEren aurka

EAEren kasuan, Eusko Jaurlaritza, hezkuntzaren sektore osoa eta PP ez beste alderdi politiko guztiak daude erreformaren aurka.

Gasteizko Gobernuak Konstituzionalera joko du, baina izapide horrek, berez, ez duela legea geldiaraziko ohartarazi du.

Nolanahi ere, erreforma saihesten saiatzeko eta EAEko hezkuntza sistema babesteko lanean jarraituko duela esan du Cristina Uriarte sailburuak.

Eta orain, zer?

Kongresuak LOMCE onartu eta gero, 2015-2016 ikasturtean sartuko da indarrean, DBHko lehenengo mailan. Bigarren, hirugarren eta laugarren mailetan hurrengo urtean (2016-2017) egingo dute.

Batxilergoan, erreforma 2015-16 ikasturtean ezarriko dute lehenengo mailan, eta 2016-17an beste kurtsoetan.

Erreformaren gakoak

LOMCEk PSOEren Gobernuak 2006. urtean onartutako erreforma ordezkatuko du.

Hemendik aurrera, Euskarak garrantzia galduko du. Izan ere, espezialitate ikasgai hutsa izango da, Heziketa Fisikoaren edo Musikaren parean.

Oro har, Ministerioak izango du hezkuntza sistemaren kontrola, eta erkidegoek ikasgai espezifikoen edukiak eta orduak baino ezingo dituzte zehaztu.

Gainera, Erlijio Katolikoa gainerako ikasgaiekin parekatuko dute, hau da, batez besteko notan eragina izango du.

Ziklo amaieretan (DBH eta Batxilergoa bukatzean), ikasleek azterketa egin beharko dute, eta, ez badute gainditzen, ezingo dira hurrengo ziklora pasatu.

Lanbide Heziketa 15 urtera aurreratuko dute, eta, hezkuntzaren eragileen ustez, horrek ikasle onen eta txarren arteko bereizketa ekarriko du.

Antolakuntzari dagokionez, Eskola Kontseiluak indarra galduko du, eta zuzendariek hartuko dute. Zuzendariak, gainera, Ministerioak izendatuko ditu.

Ikasleen lan baldintzak ere aldatu egingo dituzte, mugikortasuna handiagotuta eta lanordu kopurua handituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Hezkuntza sistemako albisteak