Gizartea -
Itunpeko ikastetxeak
Kristau Eskolak soldatak igo eta zorra pilatzea proposatu du
Soldatak Jaurlaritzak murriztu zuenetik % 0,7 igotzea eta 2009ko hitzarmenaren arabera langileei dagokien soldata zortzat aitortzea proposatu du itunpeko ikastetxe erlijiosoen patronalak.
Erredakzioa
Kristau Eskola itunpeko ikastetxe erlijiosoen patronalak proposamen bat helarazi die sindikatuei: Eusko Jaurlaritzak ezarritako murrizketen ostean gelditutako soldatak % 0,7 igotzea eta 2009ko hitzarmenaren arabera langileei dagokien soldata zortzat onartzea planteatu du.
Zor hori 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera pilatuko da, eta, berori kudeatzeko, patronalak eta sindikatuek batzorde paritario bat osatuko dute. Horrek, Kristau Eskolaren arabera, ordaintzeko zer jarraibideri lotu beharko litzaizkiokeen zehaztuko luke, "finantziazio publikoa hobetu eta zorra ordaintzeko adina balego betiere".
Dokumentu horrek atzo Kristau Eskolak hitzarmena negoziatzeko mahaia zabaltze aldera Donostian egin zuen ezohiko batzarrean egon zirenen % 92,6ren babesa jaso zuen.
Sindikatuek proposamena onartuko balute, patronalak Auzitegi Gorenean aurkeztutako helegitea kenduko luke. Horretan, EAEko Auzitegi Nagusiak 2009ko hitzarmena legezkotzat jo izanaren aurka egin zuen Kristau Eskolak.
Idatzian azaltzen denez, bestalde, % 0,7ko igoera horrek ez luke eraginik izango 25.000 euro baino gutxiago kobratzen dituztenen kasuan, horiei 2009ko hitzarmena aplikatuko bailizkiete zuzenean.
Irakasle ez diren langileak ere kanpoan uzten ditu hitzarmenak. Horiei sindikatuekin hitzartutako akordio partziala aplikatuko liekete. 2009ko tauletan agertzen diren baino soldata handiagoak emango lizkiekete.
Soldata igoera hauek sei urtez aplikatuko dituzte, lehenago beste hitzarmen bat sinatzen ez bada edo guztira 2009an hitzartutako mailetara heltzen ez bada.
Patronalaren proposamenean, nolanahi den, egoera ekonomiko oso okerra dituzten ikastetxeetan soldata igoera horiek ez aplikatzeko zirrikitu bat utzi dute.
Gainera, patronalak Auzitegi Gorenean jarritako helegitearekin aurrera egiteari muzin egiteaz gain, sindikatuek norbanakoen salaketak, gatazka kolektiboak edo mobilizazioak ez babestu edo bultzatzeko konpromisoa agertzen da idatzian.
Gainera, beste konpromiso hauek ere agertzen dira: Euskadiko irakaskuntzaren hitzarmen sektorialeko negoziazio mahaia "berehala" deitzea; lanpostu guztiei eustea; eta "finantzazio publiko bidezko baten aldeko elkarlana bultzatzea.
Kristau Eskola barruan, 137 ikastetxe daude, 90.000 ikasle eta 7.500 langile guztira, eta euskal irakaskuntza sistemaren % 30 da hori. Itunpeko euskal irakaskuntzan greba eta mobilizazioak izan dira azken hiletan; izan ere, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza murriztu eta patronala, lan erreformaren aurrean, Estatu mailako hitzarmena bere egin eta gero, langileei soldatak murriztu zizkieten.