Gizartea -
Azoka
Bisitarien kopurua % 20 igoko da Santo Tomas egunean, Bilbon
Euskadiko "azoka handiena" izango da Bizkaiko hiriburukoa, Arenalean eta Plaza Berrian 300 postu inguru jarriko baitituzte. Autobus zerbitzuetan aldaketak izango dira.
Erredakzioa
Bizkaiko hiriburuko Santo Tomas azokak aurreko edizioetan baino askoz bisitari gehiago jasoko ditu aurten. Bilboko Udalak aurreikusitakoaren arabera, % 20 igoko da bisitarien kopurua. Larunbaterako eguraldi ona iragarri dute, eta horrek jendea animatuko duela uste du Udalak.
Jose Luis Sabas Bilboko Udaleko Lan eta Zerbitzuen ordezkariak eta Asier Abaunza Zirkulazio eta Garraio saileko arduradunak, Santo Tomas egunerako Udalak hartuko dituen neurriak aurkeztu dituzte gaur. Prentsaurrekoan, garraio publikoa erabiltzeko deia luzatu diete herritarrei. Gainera, alkohola neurrian edateko, eta lapurretekin kontuz ibiltzeko aholkatu diete bisitariei.
Sabasen esanetan, larunbatean Euskadiko azokarik handiena izango da Bilbokoa, 300 salmenta postu inguru jarriko baitituzte. Hain zuzen ere, barazkiak, gaztak, frutak, txakolina, sagardoa, taloa, baserriko ogia, eztia, animaliak, landareak, loreak eta baserriko beste hainbat produktu izango dira postuotan.
Esan bezala, udalak neurri bereziak hartuko ditu egun horretan. Herritarrak babesteaz, bideak garbitzeaz, salmenta postuak zaintzeaz eta instalazioak txukun mantentzeaz arduratuko dira udaltzainak.
Zirkulazioa
Goizeko lehenengo ordutik trafikoan eragina izango duten neurriak hartuko dituzte. Izan ere, 07:00etan Sendeja kalea, Erribera eta Arenaleko Zubia itxiko dituzte, eta 23:00ak arte ezingo dira ibilgailuak bertatik igaro.
Garraio publikoa
Bilbobus zerbitzuak aldaketak izango ditu. 03, 11, 22, 26, 30, 40, 56, 58, 62, 71, 71, 75, 77, 85, A1, A2, A5, G2, G4, G7 eta G8 lineetan izango dute eragina aldaketa hauek.
Bizkaibus zerbitzuan ere aldaketak izango dira; trafikoa moztuko duten lekuetatik pasatzen diren autobus zerbitzuetan, batez ere.
Tranbiak, aldiz, normaltasun osoz emango du zerbitzua.