Gizartea -
Konpromisoa eskatu dute
PAH Bizkaiak 2014an etxegabetzeak igo daitezkeela ohartarazi du
2013an kaleratzeek behera egin duten arren, instituzioen konpromisoa eskatu du Bizkaiko Hipotekak Kaltetutako Plataformak, eta Bilbon etxegabetutako familia baten egoera salatu du.
Erredakzioa
Bizkaiko PAH Hipotekak Kaltetutako Plataformako dozenaka kide bildu dira gaur Bilbon, Errekalde auzoan azaroan etxegabetu zuten familia baten egoera salatzeko. Gainera, 2014an kaleratzeek gora egin dezaketela ohartarazi du kolektiboak, "2012an baino gehiago".
Begoña Barrutia elkarteko bozeramaile eta abokatuak esan duenez, aipatutako kasuko familia "duela hilabete bota zuen etxetik eta, Bilboko Udalak udal-etxebizitza batera eramango zituela hitz eman zuen arren, ez da horrelakorik gertatu".
"Jakin izan dugu Udalaren esku dauden etxebizitza asko hutsik daudela, eta bien bitartean, familia asko kalean daude. Etxerik gabeko familiarik ezin da egon", adierazi dute plataformako kideek Udal Etxebizitzak eraikinaren aurrean. Gainera, Udalari "herritarrei hitz emandakoa" bete dezan eskatu diote.
Kaleratzeen zifrei dagokienez, PAH Bizkaiak 2013an etxegabetzeek behera egin dutela esan du, "plataformek egindako lanari esker".
Hala ere, aurkeztutako helegiteekin gelditu diren prozesuek "euren bidea jarraitu eta 2014an kaleratze masiboak" gertatuko diren beldur direla azpimarratu dute hizlariek. "Baliteke familia asko kalean gelditzea, agian 2012an baino gehiago", ohartarazi dute.
Azkenik, instituzioen konpromisoa eskatu dute; izan ere, plataformaren ustez, "momentu erabakigarrietan, etxebizitzarik gabeko familiak daudenean, ez dute ezer egiten".