Gizartea -
EAE-ko lehen 'gasinera'
Ibilgailuentzako lehen gas zerbitzugunea zabaldu dute Gasteizen
Goizean inauguratu dute EDP Naturgas Energiaren estazioa. 310.000 euroko inbertsioa suposatu du.
Erredakzioa
EAEko lehen 'gasinera' edo gas zerbitzugunea inauguratu dute gaur Gasteizen. Gasbide nagusira konektatuta dago eta horretarako prestatuta dauden ibilgailuak gasez hornituko ditu.
Inaugurazioan Massimo Rossini EDP Naturgas Energia konpainiaren zuzendari orokorra , Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia eta Javier Maroto Gasteizko alkatea izan dira. Hain justu, azken hau izan da depositua betetzen aurrenekoa.
EDP Naturgas Energiak 310.000 euroko inbertsioa egin du estazioan. Anoetan, Gipuzkoan, bada gas zerbitzugune bat, baina gaur inauguratu duten hau etxeak hornitzen dituen gasbide nagusira lotuta dago, eta horretan tankerako lehena da.
Laster irekiko dute herritarrentzat, eta konpainiako arduradunek espero dute gas naturalez hornitutako ibilgailuen kopuruak nabarmen egitea gora.
Hori horrela, eta EDPren datuen arabera, Estatuan teknologia hau duten ibilgailuen kopurua 20.000 izatetik, 2017an 200.000 izatera pasatuko da. Mundu osoan tankera honetako 18 milioi ibilgailu daude, eta 22.000 gas zerbitzugune.