Gizartea -

Protestak Burgosen

Gamonaleko lanak oraingoz geratu egingo dituztela iragarri du alkateak

15-20 eguneko parentesia ireki nahi dute, batzorde batean gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Auzokideek, proiektuaren kontrako elkarteek eta Udaleko teknikariek hartuko dute parte bertan.

Gamonaleko lanak geldituko dituztela iragarri du Udalak

0:56

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gamonal auzoko lanak gelditu egingo dituztela iragarri du Burgosko Udalak. Ostiraletik milaka lagun irten dira kalera, lanen kontra protesta egitera, eta istiluak sortu dira hainbat egunetan. Guztira, 40 lagun atxilotu dituzte.

Javier Lacalle Burgosko alkateak prentsaurrekoan azaldu duenez, "parentesia" ireki nahi dute, 15-20 bat egunekoa, eta tarte horretan gaiaren inguruan eztabaidatu nahi dute, asmo horrekin sortuko duten batzorde batean. Auzokideek, proiektuaren kontrako elkarteek eta Udaleko teknikariek hartuko dute parte lantalde horretan.

Alkatearen ustez, irtenbide horrek azken egunetako tentsioak etengo ditu, eta, ildo horretan, erantzukizunez jokatzea eskatu die gatazkako alde guztiei.

Edonola ere, alkatearen arabera, lanak aldi baterako geldituko dituzte, "adostasun handiagoa" lortzeko. Beraz, etena "hausnarketa" egiteko dela eta proiektuari uko egiten ez diotela azpimarratu du.

Halaber, azken egunetan Burgosen eta bertako herritarren inguruan zabaldu den irudia eta benetakoa ez datozela bat azpimarratu du.

8.000 lagun baino gehiago protestan

Auzokideen batzarraren arabera, 8.000 lagunek baino gehiagok manifestazioa egin dute astearte honetan Burgosen, lanak oraingoz bertan behera utziko dituztela iragarri arren. Auzokideek zalantzak dituzte alkateak plazaratutako konpromisoaren aurrean, eta, beraz, protestei eutsi diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea