Gizartea -

Istiluak Gamonalen

Gamonaleko obrekin jarraitzea erabaki du Burgosko Udalak

PPko botoekin, Udalbatzan hartu dute erabakia; Gamonaleko lanak ez dituzte bertan behera utziko. Hori bai, lanak eten egingo dituzte, oraingoz, PPk berak premiazko mozio batean hala eskatuta.

Burgosko Udalaren parean gaur egin duten elkarretaratzea. Argazkia:EFE
Burgosko Udalaren parean gaur egin duten elkarretaratzea. Argazkia:EFE
Burgosko Udalaren parean gaur egin duten elkarretaratzea. Argazkia:EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gamonaleko obra polemikoekin aurrera egitea erabaki du Burgos Udalak. Gaur egin duten Udalbatzan hartu dute erabakia, PPkoen botoei esker.  Aparkalekua egiteko lanak, beraz, ez dira bertan behera geratuko. Hori bai, oraingoz, obrak eten egingo dira, PPk urgentziazko mozio batean hala eskatuta.

Udaleko Talde Sozialistak eta UPyDk mozio bana aurkeztu dute gaurko bilkuran, Gamonaleko obrak behin betiko eteteko eskatuz. Bi mozio horiek atzera bota dituzte popularrek.

Javier Lacalle Burgosko alkatearen dimisioa exijitzen zuten beste bi mozio ere aurkeztu dira gaurko batzarrean, PSOEren eta IUren mozio bana. Testu horiek bozkatu ere ez dira egin.

Kalean, protestak

Elkarretaratze jendetsua egin dute gaur, Burgosko Udalaren atarian. Bi mila lagun baino gehiago batu dira,  Udalean gaur egin duten udalbatza dela eta. Gamonaleko obren harira piztutako gatazkari aurre nola egin eztabaidatu Burgoseko Udaleko alderdi guztiek.

Lacalle alkatearen kontrako oihu ozenen artean, balkoira irten dezala eskatu dute manifestariek, obren inguruko azalpenak ematera. Udaltzaingoa eta Polizia Nazionala egon dira goiz osoan udaletxe plaza eta haren inguruak zaintzen.

Elkarretaratzean egon direnak goizean goiz, 08:30 inguruan atera dira manifestazioan Gamonaletik eta 09:30erako iritsi dira Udalaren aurrera. Ordurako, jada, udalbatza hasita zegoen.

Gamonaleko bizilagunen batzordetik jakinarazi dutenez,  egunero egin ohi duten batzar informatiboa gaur Udaletxeko plazan egingo dute, eguerdian. Batzar horietan  antolatzen dituzte protestak eta bestelako ekintzak.Lan taldeak sortu dituzte, jada,  eta, besteak beste, epai bideak aztertzen ari omen dira.

Gamonaleko auzokideek hainbat ekintza deituta dituzte gaur arratsalderako. Eguerdiko batzarrean erabakiko dute, besteak beste, astelehenaz geroztik egunero egiten ari diren manifestazioari eutsiko dioten edo ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea