Gizartea -
Unibertsitatea
2013ko diru eta iraupen bera izango dute Erasmuseko euskal ikasleek
Eusko Jaurlaritzak azaldu du EAEko ikasleek ez dutela 330 euro baino gutxiago jasoko eta egonaldiak bederatzi hilabetera arte luzatu ahal izango dituztela.
Erasmus beka lortzen duten euskal unibertsitarioek iazko diru bera jasoko dute eta egonaldia bederatzi hilera arte luzatu ahal izango dute. Horrela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.
Urtarrilaren 1ean sartu dira indarrean Erasmus programan aldaketak: bekaldia bederatzi hilabetetik seira igaro da, eta diru-laguntza ezberdinak izango dira, hautatutako herrialdearen arabera.
Espainiako Gobernuak aldaketak egin arren, EAEko ikasleek ez dute hilean 330 euro baino gutxiago jasoko (joan den urtera arte ikasle guztiek jasotzen zuten laguntza) eta egonaldiak bederatzi hilera arte luzatu ahalko dira, Itziar Alkorta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerkuntza sailburuak jakinarazi duenez. Izan ere, Jaurlaritzak Europar Batasunak eta Hezkuntza Ministerioak eskaintzen dituzten laguntzak osatuko ditu. Ez dute horretarako erabiliko duten diru kopurua zehaztu, baina milioi bat euro inguru izango omen da.
Alkortaren esanetan, Erasmus programa ezin da "luxu bat izan", ezta "familiei esfortzu ekonomiko handia eskatu" ere.