Gizartea -
Osasun erreforma
EAE, etorkinentzako osasun zerbitzua murriztu ez duen bakarrenetakoa
Munduko Medikuak elkarteak aurkeztu duen "Osasun erreformak bi urte: bizitza gehiago arriskuan" txostenaren arabera, erkidegoen arteko desberdintasunak areagotu egin dira.
Erredakzioa
Hamar autonomia erkidegok, tartean Euskal Autonomia Erkidegoak, neurriak onartu dituzte Espainiako Gobernuak murrizketak indarrean jarri ostean osasun txartelik gabe geratu diren pertsonei osasun zerbitzua eskaintzeko. Esaterako, legez kanpo dauden etorkinen kasuan, bost erkidegok salbuespenak ezarri dituzte, eta bakarrak, Gaztela-Mantxak, dekretua aplikatu du, zerbitzua ireki barik.
Munduko Medikuak elkarteak "Osasun erreformak bi urte: bizitza gehiago arriskuan" txostena aurkeztu du Osasunaren Nazioarteko Egunaren harian, eta, horren arabera, erkidegoek zailtasunak saihesteko hartutako neurriak, "kaosa leuntzeko adabakiak besterik ez dira".
Gobernuz kanpoko erakunde horren esanetan, erkidegoek osasun erreformaren ondorioak saihesteko hartutako neurriak "oso bestelakoak dira, eta ez daude koordinatuta; horrenbestez, erkidegoen arteko desberdintasunak areagotu egin dira".
Medikuen erakundeak emandako azalpenen arabera, hamar erkidegok egoera irregularrean dauden etorkinak artatzeko neurriak hartu dituzte. Horien artean, Andaluziak eta Asturiasek baino ez dute mantendu ohiko zerbitzua asegururik ez duten pertsonentzat. Beste zortzik (Aragoi, Kanariak, Kantabria, Katalunia, Extremadura, Galizia, Valentzia eta EAE), berriz, zerbitzua zabaldu dute, "programa gehigarriak" baliatuz.
Txostenean agertzen denez, Gaztela-Mantxak bakarrik aplikatu du dekretua hitzez hitz. Nafarroa, ordea, ez da ageri txosten horretan, Nafarroako Foru Erkidegoko araudia "zehaztugabea" delako.