Gizartea -
Bozketa fasea
Añanako Gatz Harana, '2014ko txokorik onena' lehiaketako lehen postuan
Bozka emateko epea uztailaren 8an amaituko da, eta babes gehien jaso duten zortzi tokiak bigarren fasera igaroko dira.
Erredakzioa
Arabako Añanako Gatz Harana Repsol gidaren "2014ko txokorik onena" lehiaketako lehen postuan dago. Arabako txokoak 1.505 boto jaso ditu; eta bigarren postuan dagoen Alcantarako zubiak (Caceres), berriz, 1.455 boto.
Lehen bi sailkatuek alde handia ateratzen diete lehiaketan parte hartzen ari diren gainerako 15 txokoei; izan ere, horiek guztiek 1.000 bozkaren mugatik behera daude.
Repsol gidak "Txoko onenaren saria" antolatu du bigarren urtez, eta lehiaketaren helburua Espainiako turismoa bultzatzea da. Iaz, Pozalaguako kobak irabazi zuen 2013ko txokorik onenaren saria.
Lehen sailkapen fasea egin eta gero, Espainiako hamazazpi txoko aukeratu dituzte, autonomia erkidego bakoitzeko bat. Bozka emateko epea uztailaren 8an amaituko da, eta babes gehien jaso duten zortzi txokoak bigarren fasera igaroko dira.
Bigarren fase horretan, zortzi txokorik onenak binakako lau taldetan banatuko dituzte, eta lau bozkatuenak finalerdietara igaroko dira. Bozketak uztailaren 8an hasi eta uztailaren 26an amaituko dira.
Final handian bi txoko lehiatuko dira, eta abuztuaren 26tik irailaren 16ra bitartean Internet bidez bozka emateko aukera izango da.