Gizartea -
Adin txikikoen epaitegia
Krimena aitortu eta barkamena eskatu du Amaia Azkueren hiltzaileak
2011ko abuztuan egin zuen aurreneko deklarazioan erruduna zela onartu zuen Ander E. O. akusatuak, baina ondoren bertsioa aldatu eta benetako hiltzaileak aske jarraitzen duela esan zuen.
Erredakzioa
Ander E. O. Amaia Azkueren hiltzaileak krimena publikoki onartu du gaur aurrenekoz. "Oso damututa" azaldu da eta "familiari eta gizarteari barkamena" eskatu die, Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez.
2011ko abuztuan egin zuen aurreneko deklarazioan, Ministerio Publikoaren aurrean, erruduna zela onartu zuen Ander E. O. akusatuak, baina ondorengo epaiketan bertsioa aldatu eta benetako hiltzaileak aske jarraitzen duela esan zuen.
Hala ere, 2012ko apirilean adingabeen zentro batean hamar urteko zigorra eta bost urteko zaintzapeko askatasuna ezarri zizkion Adin Txikikoen Epaitegiak. Gipuzkoako Auzitegiak zigorra berretsi zuen.
Fiskaltzako iturrien arabera, Ander E. O. zigortuak damutu egin da. Donostiako Adin Txikikoen Epaitegian saioa ateak itxita egin dute, Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondo adingabeen zentrotik espetxera eraman behar duten erabakitzeko; izan ere, zigortuak 21 urte bete ditu.
Azken hitza
Javier Zaragoza auziko fiskalak azaldu duenez, nahiz eta saioa ateak itxita egin eta epaileak gaztearen intimitatearen datuak ez jakinarazteko agindua eman, zigortuaren damua jakitera emateko baimena eman du. Azken hitza esateko eskubidea du zigortuak, eta bere borondatea azaltzeko erabili du.
Ander E.O. Ibaiondoko zentroan jarraitzea eskatu du fiskalak zigortuaren adierazpenak ikusita. Psikologoen eta zerbitzu judizialaren txostenak oinarritzat hartu ditu eskaera egiteko; izan ere, gaztearen eboluzio "oso positiboa" baieztatu dute txostenek.
Saioa bukatu eta gero, epaileak bere erabakiaren berri emango du datozen egunetan.