Gizartea -

Urteurrena

Zalantza ugari argitu gabe, Santiagoko istripuak urtebete egin duenean

Auziak epaile berria du, eta Adifeko goi-kargudun ohien inputazioekin zer gertatuko den da zalantza nagusia.

Santiagoko tren istripua. EFE
Santiagoko tren istripua. EFE
79 pertsona hil eta 140 zauritu ziren Santiagoko tren istripuan

1:47

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostegun honetan urte bat bete da Santiagon (Galizia) tren istripua gertatu eta 79 pertsona hil zirela. Hamabi hilabeteren ostean, ikerketa geldirik dago, auziak epaile berria du, eta Adifeko inputazioen zalantza argitu gabe dago.

Aldatu ez dena Francisco Garzon Amo makinariaren egoera da. Egun tragiko hartan, arreta galdu zuen, telefono dei bat jaso zuelako, eta handik eta minutu batzuetara trena trenbidetik atera zen, bihurgune batean, behar baino abiadura handiagoan zihoalako. Egun aske dago, baina inputatuta, 79 homizidio eta hainbat lesio delitu egotzita.

Orain arte, Luis Alaez izan da instrukzio epailea, baina lanpostua lortu du Zigor Aretoan, eta Andres Lago Lourok zuzenduko du orain ikerketa. Ekainaren 20an jarri zuten auzia horren esku.

Alaez epailearen hipotesia

Luis Alaez epailearen ustez, makinariaren hanka-sartzea ez zen tren istripuaren kausa bakarra izan. Horren ildotik, Adifek ere erantzukizuna duela adierazi zuen ikerketan, konpainia publiko horrek trenbidearen segurtasun sistemak zaindu behar zituelako.

Horren aburuz, Adifeko arduradunek "nabarmen" areagotu zuten Ourense-Santiago tartearen arriskugarritasuna, "segurtasun neurri nahikoak ez zituen tren lotura konplexu bat" eraiki zutelako. Horregatik, erakunde horretako zuzendari ohiak inputatu zituen.

Dena dela, Probintzia Auzitegiak baliogabe utzi zituen 27 inputazio, Estatuak helegitea aurkeztu eta gero.

Orain, baina, Auzitegiak beste dozena bat inputazio aztertu behar ditu.

Instrukzio epaile berria abuztuan hasiko da auzia aztertzen, eta ikusiko da aurrekoak abiatutako ikerketa bidea jarraitzen duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea