Gizartea -
Erredakzioa
Inmigrazioaren aurkako politika 'sendo' baten alde egin du Rajoyk
Beste alde batetik, elkarte batek salatu du "Espainiak eta Marokok martxan jarritako ekimen polizi –militarrak" sei hildako eta 50 zauritu inguru eragin dituela.
Inmigrazioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak eskatu du legez kanpoko inmigrazioaren aurka politika “sendo” bat erabiltzea, eta Gibraltarren eta Melillan bizi duten “egoera zaila” nabarmendu nahi izan du, azken egunetan Espainiako mugaren puntu ezberdinetan bizi duten egoeraren harira.
Vilanova de Arousan (Pontevedra) egin ditu adierazpen horiek Rajoyk, aipatutako herrian opor egun batzuk igarotzen ari baita. Espainiako Goberenuko presidenteak gogorarazi du Italiari dagokiola Europako Batasuneko presidentzia, eta aipatu du legez kanpoko etorkinen aurkako politika sendoa erabiliko dutela, nahiz eta laguntza helaraziko dieten beren herrialdeetatik ihes egin nahi duten pertsonei.
Hirugarren egunez jarraian, hesia gainditzen saiatu diren etorkinak izan dituzte Melillan. Asteazkenean 600 pertsona saiatu ziren hesia gainditzen, eta horietako 70 hesian igota izan ziren ordu luzez. Asteartean, berriz, 750 pertsona saiatu ziren xede berberarekin, eta horietako 60k lortu zuten beren helburua.
Zapi hildako, Prodeinen arabera
Melillako Haurtzaroaren Eskubideen aldeko Elkarteko (Prodein) presidenteak, Jose Palazonek, salatu du "Espainiak eta Marokok martxan jarritako ekimen polizi –militarrak" sei hildako eta 50 zauritu inguru eragin dituela, "iturri fidagarrien arabera".
Melillako autoritateek, berriz, ez dute hildako horien berririk, soilik hiri horretako ospitalean artatutako zazpi zauritu. Iturri horien arabera, osasun zentro horretan jasotako pertsonak "ordu gutxi batzuen baitan jaso dute alta", eta horren ostean Etorkinentzako Aldi Baterako Egonaldirako Egoitzetara (CETI) bidali dituzte.