Gizartea -
Mediterraneoan
1.880 etorkin baino gehiago hil dira aurten Europara heldu nahian
NBEk azpimarratu duenez, migrazioaren arrazoi nagusiak gatazken areagotzea eta jatorrizko herrialdeetako aukera gabezia dira.>
Erredakzioa
1.880 etorkin hil dira 2014an, momentura arte, Mediterraneo itsasoan Europako kostaldera heltzeko helburuarekin, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) zabaldu duenez.
Zabaldutako datuetan asteburuan gertatutako ezbeharrak ere jasota daude; izan ere, 300 pertsona baino gehiago hil dira aurreko asteburuan.
2013. urte osoan, 600 pertsona hil ziren, 2012an 500 eta 1.500 2011an, Udaberri Arabiarren iraultzak izan ziren garaian.
Europan sartzea lortu dutenei dagokienez, ACNURek 124.380 zenbatu ditu, horietatik gehienak Italiara heldu dira (108.172).
Gainerakoek Greziako (14.800), Espainiako (1.100) eta Maltako (308) kostaldetara heltzea lortu zuten.
Guztira, 2013an, 60.000 etorkin heldu ziren kostalde europarretara; 22.500 2012an eta 69.000 2011an.
Melissa Fleming ACNUReko bozeramaleak nabarmendu duenez, migrazioaren arrazoi nagusiak gatazken areagotzea eta jatorrizko herrialdeetako aukera gabezia dira.
Libiako gerra zibilaren areagotzea eta Siriako errefuxiatuek egindako ahaleginak izan dira aipagarrienak Flemingentzat.
Italiak ezingo du jarraitu
Gutxienez Afrikatik etorritako 24 etorkin (hauek ez ditu ACNURek txostenean jaso) hil dira zihoazen txalupa irauli eta gero, Mediterraneoan, Europako kostaldera iristea saiatzen ari zirela, Italiako Armadak bi egunez desagertutako etorkinak bilatzen ari ostean esan duenez.
Igandean istripua izan zuen itsasontzian (364 etorkin zeramatzan) zihoazen gaur agertutako etorkinak.
Halere, Italiak argi utzi du ezingo duela bere kabuz misioa (Mare Nostrum du izena) betetzen eta Europar Batasunari arazoa bere gain hartzeko eskatu dio.