Gizartea -

Balantzea

Egunean 95.000 errezeta elektroniko bideratzen ditu Osakidetzak

Errezeta elektronikoa EAEn ezartzen hasi zirenetik, egitasmoak utzi dituen datuak agertu ditu Jaurlaritzako Farmazia zuzendariak: 10,7 milioi euro gastatu dituzte orain arte.

Farmaziak
Farmaziak
Farmaziak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzak bideratzen dituen errezeten hamarretik zortzi elektronikoak dira: egunean 95.000 errezeta elektroniko banatzen dira guztira Osakidetzaren zentroetan. Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Farmazia zuzendariak eman ditu datuok, goizean, Eusko Legebiltzarreko batzorde batean. Balantzea egin du, eta errezeta elektronikoa EAEn ezartzen hasi zirenetik gaur arte egitasmoak utzi dituen datuak eman ditu: Jaurlaritzak 10,7 milioi euro gastatu ditu orain arte proiektu honetan.

2012an hasi zen Osakidetza errezetak elektronikoki banatzen; ordutik, 26 milioi errezeta elektroniko bideratu dira, gehienak 2014an (21,7 milioi). Izan ere, farmazia bakan batzuetan hasi ziren proiektua martxan jartzen, eta aurten ezarri da sistema EAEko farmazia guztietan.

Betolazaren hitzetan, sistema oso sinplea da erabiltzailearentzat: osasun-txartela bakarrik erabili behar du botikak jasotzeko. Konplexutasuna "maila teknologikoan" eta "antolamenduan" dagoela esan du Farmazia zuzendariak.

Abantailak, batez ere, tratamendu luzea jasotzen ari diren gaixoek nabaritzen dituztela esan du Betolazak. "Pertsona horientzat errezeta elektronikoa oso erosoa da: ziurtasuna ematen die pertsona horiei. Euren osasun-historia jasota dago txartelean. Sistema oso segurua da", gaineratu du.

Bestalde, errezeta elektronikoa martxan dagoenetik, osasun-zentroetarako joan-etorrien kopurua txikitu eta farmazietarakoena handitu egin direla nabarmendu du.

Jasotako intzidentziei dagokienez, aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan, EAEko farmazietan errezeta elektronikoarekin lotuta 41 intzidentzia erregistratu direla adierazi du: gehienetan, zerbitzuarekin izandako informatika arazoak izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Osasun albisteak gaur Botikak albisteak Farmaziak gaur