Gizartea -
HIES-AREN AURKAKO EGUNA
Hiru transmisio kasu berrietatik bat, 30 urtetik beherakoen artean
Nazio Batuen Erakundeak hiesa "osasun mehatxu globalen" zerrendatik ezabatu nahi du 2030. urtea baino lehen.
Erredakzioa
Giza Immunoeskasiaren Birusaren hiru kasu berri bakoitzetik bat 30 urtetik beherako pertsonetan atzematen dute, gaur Cesida Espainiako HIES eta GIB koordinakundeak jakitera emandako datuen arabera. Gaur, Hiesaren Nazioarteko Egunean, aurkeztu du azken txostena hedabideen aurrean Juan Ramon Barrios erakunde horretako presidenteak.
Horrek ohartarazi duenez, etorkinen artean ere diagnostikoen kopuruak behera egin du: 2012ko % 50etik egungo % 32ra.
Barriosen hitzetan, etorkinen egoera Espainiako Osasun Sistemak jasandako murrizketen ondorioz ematen da.
“2012tik, GIBaren prebentzioarekin eta arretarekin harremana duten zerbitzuetan murrizketak aplikatu dituzte, % 70etik gorakoak. Horrez gainera, Gazteen Kontseiluarekin eta Espetxe Zuzendaritzarekin geneuzkan hitzarmenak bertan behera geratu dira, eta erakunde askok itxi behar izan dute. Besteok, gainera, nahitaezkoak diren zerbitzuak kendu behar izan ditugu”, azaldu du.
Ana Matoren ordez Osasun Ministerioa zuzenduko duen pertsonak Hiesaren aurkako Plana “berpiztu” beharko duela adierazi du Cesida elkarteko presidenteak. Horretarako, diru gehiago bideratu beharko du Espainiako Gobernuak, 2020. urtean ‘zero kutsatze’ egon daitezen, gaineratu du.
Nazio Batuen helburuak
Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak hiesaren aurka martxan jarritako programaren arduradunek gaixotasun horri aurre egiteko helburuen berri eman dute.
Dokumentu horretan jaso dituzten neurrien bitartez, "osasun mehatxuen zerrendatik" hiesa ezabatu nahi dute. Data horri begira, 21 milioi heriotza saihestu nahi ditu NBEk.
Helburu horiekin, gainera, urtean 28 milioi transmisio kasu gertatzea galarazi nahi dute, NBEren esanetan. Hori lortzeko inbertsioa duela bost urte baino 15 aldiz txikiagoa da orain.
NBEren ustez, 9.700 milioi dolar behar dira errenta txikiko herrialdeetan; 8.700 milioi, errenta ertain-txikikoetan; eta 17.200 milioi, errenta ertain-handikoetan.
2020. urtetik aurrera, beharrezkoa izango den inbertsioa % 8 murriztuko da 2030. urtera arte. Orduan, 32.800 milioi beharko dituzte errenta ertaina eta txikia duten herrialdeetan.
NBEk ohartarazi duenez, transmisio kasu berrien % 89 jasotzen diren 30 herrialdeetan jarri behar da arreta. Herrialde horietako gehienak Afrikakoak dira.