Gizartea -

Hilketa matxistak

Epailearen esku utzi dute Mari Luzen eta Ameliaren hiltzailea

Abadiñok bi emakumeen hilketak gaitzetsiko ditu gaur arratsaldean, Emakumeen Mundu Martxak manifestazioa deitu baitu 19:30erako. Ordu eta erdi lehenago, hileta-elizkizuna egingo dute.

Abadiñoko hilketa matxisten aurkako manifestazio bat. EiTB
Abadiñoko hilketa matxisten aurkako manifestazio bat. EiTB
Eguerdian eraman dute atxilotua epailearen aurrera

0:00

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mari Luzen eta Ameliaren hiltzailea, horien senar eta suhia, epailearen esku utzi dutegaur eguerdian, asteazken arratsaldetik Ertzaintzaren esku egon eta gero. Ondoren, epaileak erabakiko du atxilotua kartzelatzea edo aske uztea.

Gizonezkoak emaztea eta amaginarreba hil zituen asteazken goizean, Abadiñon (Bizkaia), eta, ondoren, krimenaren erantzukizuna saihesteko helburuz, Atxondon duen aroztegian eraso egin ziotela simulatu nahi izan zuen. Ertzaintzak zaurituta eta hanketatik eskegita aurkitu zuen bertan.

Agenteei emandako azalpenak ez ziren sinesgarriak izan, eta, azkenean, "presioaren ondorioz", aitortu egin zuen berak hil zituela, Ertzaintzak zehaztu duenez.

Abadiñoko Udalak bi dolu-egun deitu zituen atzo, eta prozesu judizialean akusazio partikular izatea erabaki du.

Bozeramaileen Batzordeak hilketak gaitzesteko adierazpen bat adostu zuen atzo, eta gaur berretsiko dute ezohiko saio batean.

Halaber, berdintasun plan bat diseinatzeko xedez, lantalde berezi bat sortzea ere hitzartu du Udalak.

Abadiñoko herritarrek azken agurra emango diete gaur Mari Luzi eta Ameliari. Hileta-elizkizuna 18:00etan egingo dute, San Trokaz elizan.

Manifestazioa, 19:30ean

Bestalde, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak manifestazioa deitu du 19:30erako, Matienako Traña Plazan, hilketa matxistak gaitzesteko.

Eusko Jaurlaritzak, Eudelek, Emakundek eta Abadiñoko Udalak, besteak beste, bat egin dute deialdiarekin.

 

___________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono-zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Zer gertatu da Bizkaian? Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Azken ordukoa protestak Abadiño azken ordukoa Durangaldea