Gizartea -
Denboralea
Elurra eta txingorra berriz ere
Asteleheneko tregoaren ostean, denboraleak berriz astinduko du Euskal Herria. Asteazkenean gordindu egingo da.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du asteazkenetik aurrera elurragatik, aurreko ostegunetik Euskal Herria astindu zuen olatu, haize eta elur denboralea baretu ostean.
Astearte honetan, Eusko Jaurlaritzaren Meteorologia eta Larrialdien Arretarako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du barnealdean elurragatik, goizaldeko hiruetan. Izan ere, elur-kota 300-400 metro inguruan kokatuko da eguerditik aurrera, eta ekaitzarekin batera kazkabarra botatzeko aukera handiak egongo omen dira.
Asteazkenean gogortu egingo da egoera, eta alerta maila laranjara igoko dute, elur kota 100 metroraino jaitsiko delako, itsasoaren mailara une batzuetan, eta erkidegoaren ekialdean bereziki. Kantauri isurialdean, gainera, kazkabar ekaitzak espero dira. Hotzagatik, berriz, abisu horia ezarriko dute barnealdean eta mendi inguruan.
Hurrengo egunean, ostegunean, elur kotak 100 metro inguruan jarraituko du, eta izotza botako du barnealdean, eta are gehiago hoztuko da tenperatura Araban eta mendi aldean.
Aurreikuspen horren aurrean, Arabako Aldundiak neguko bideragarritasun planari eutsiko dio, larrialdi fasean, eta Ulibarriko urtegiko ateak are gehiago ireki ditu. Neurri horren helburua urtegiaren edukiera handitzea omen da, elurteak urtzen direnerako prest egoteko. Era berean, elurra kentzeko 19 makina eta 53 langile jarri ditu martxan, errepideetan lan egiteko.
Uholdeak Bizkaian
Denboraleak Bizkaian eragindako kalteei dagokienez, Aldundiak erabaki du euriteen ondorioak pairatu dituzten herritarrei, Enkarterrietakoei batez ere, suhiltzaileen zerbitzuaren tasen ordainketa ez kobratzea. Gainera, kalteak izan dituzten lokalen eta etxebizitzen jabeei Higiezinen gaineko Zerga eta Jarduera Ekonomikoena ez kobratzea aztertzen ari dira.
Bestalde, Diputatuen Kontseiluak premiazko bilera deitu du arratsalderako, Aldundiko, udaletako, Espainiako Gobernuko eta Bizkaiko Seguruen Partzuergoko ordezkariekin. Kalteei buruzko informazioa biltzea, laguntzen eskariak "koordinatzea eta bizkortzea" eta “lehenbailehen normaltasuna itzultzeko neurriak hartzea" izango da batzarraren egiteko nagusia.
Nafarroako egoera
Nafarroako Foru Erkidegoan, berriz, ibaiak eta biharko elurteak dira kezka nagusiak. Javier Morras Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariak aitortu du "baretu" egin dela denboralea, baina arazoak daudela Ebro ibaiaren inguruan.
3.000 pertsonak argindar hornidurarik gabe jarraitzen dute Aezkoan, Salazarren, Erronkari eta Lesakan.