Gizartea -

Prezipitazioak

Jaurlaritzak uholdeei aurre egiteko plana abiarazi du, alerta mailan

Añarbeko (Gipuzkoa) meteorologia estazioak 43,2 litro metro karratuko erregistratu ditu astearte honetan. Azken 24 orduetan 61 litro metro karratuko bota ditu.

Olatuak Donostian
Olatuak Donostian
Olatu altuenak arratsaldeko 7etatik aurrera izango dira

01:31

Iker Gonzalez | eitb.eus | agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak uholdeei aurre egiteko plana abiarazi du, alerta mailan, ibaien ibilguaren egoera ikusita eta datozen orduetan prezipitazioak areagotuko omen direla kontuan hartuta.

Ibaiek gainezka egiteko arriskua dela eta, babes zibil eta Larrialdi zerbitzuak (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzaingoak, boluntarioen elkarteak, besteak beste) jakinaren gainean daude dagoeneko, Jaurlaritzak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Gainera, URA Uraren Euskal Agentziak, Euskalmetek eta Diputazioek ibaien egoeraren jarraipen estua egingo dute.

Añarbeko (Gipuzkoa) meteorologia estazioak 43,2 litro metro karratuko erregistratu ditu astearte honetan. Azken 24 orduetan 61 litro metro karratuko bota ditu, Eusko Jaurlaritzako Meteorologia eta Larrialdietarako Zuzendaritzak jakitera eman duenez. Pasaiako portuan 5,86 metroko olatu bat izan da.

Euria erruz botatzen ari da

Eguraldiaren iragarpenari dagokionez, prezipitazioak izango dira nagusi euskal lurralde osoan, eta elur-kota 500-700 metroren bueltan ibiliko da Hego Euskal Herrian.

Gainera, tenperaturek beherakada nabarmena izan dute, aurreko egunekin alderatuta, eta haizea zeharo harrotu egin da, bai kostaldean, baita mendiguneetan ere.

Horren ildotik, euskal hiriburuetan jasotako tenperatura minimoak honako hauek izan dira: 5 gradu Bilbon, 3 Donostian, 1 Gasteizen eta 4 Iruñean. Gainera, 10 graduko maximoak espero dira Gipuzkoako hiriburuan, 9koa Bizkaikoan eta 5ekoa Arabakoan.

Larrialdi plana

Gipuzkoako Diputazioak Larrialdiei aurre egiteko Plana aktibatu egin du, eguraldia datozen orduetan kaskartuko delako, iragarpenen arabera.

Ohar baten bidez, Diputazioak erabakiaren berri eman eta Krisi Mahaia bildu dela adierazi du, Larrialdietarako Zerbitzua antolatzeko helburuarekin, euriak, txingorrak eta olatuek sor lezaketen arazoei aurre egiteko.

Gainera, uholdeak direla eta, ibaien inguruan autoak ez aparkatzeko eta kanpalekurik ez egiteko eskatu du; gainera, ur putzuak sortu ohi diren lekuetatik ere ibilgailuak kentzeko eta autoen bidez ez bidaiatzeko eskatu dute. Leku batetik bestera mugitu behar izanez gero, errepide sare nagusitik eta autobideetatik egiteko eskatu dute.

Errepideen egoera

Euskal errepideen sareari dagokionez, Nafarroan zein EAEn zenbait eragozpen izan dira, denboralearen ondorioz, lanek eragin ohi dituztenez gain. Horrela, Zarautz eta Getaria (Gipuzkoa) arteko errepidea, N-634, itxita dago olatuen arriskua dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez.

Gainera, azken orduetan botatako elurrak kateak erabiltzera behartu ditu autoak Opakua eta Urduña mendateetan. Kamioiek eta ibilgailu artikulatuek, berriz, itxita dituzte biak.

Halaber, eguraldi txarra dela eta, arretaz gidatu behar da EAEko hogei bat mendatetan (errepide sare nagusikoak dira horietako batzuk); Altuben (A-68) eta Etzegaraten (N-1), esaterako.

Nafarroako errepideei dagokienez, zenbait errepide itxi dituzte denboralearen eraginez, elurra baitago bertan: N-113 (Iruñea-Madril), 75. kilometroan; NA-137 (Burgi-Izaba-Frantzia), 47. kilometroan; NA-2000 (Izaba-Zuriza), 8. kilometroan; NA-2011 (Zaraitzu-Frantzia), 6. kilometroan, eta NA-2012 (Otsagabia-Irati), 8. kilometroan.

Aurreikuspen horiek direla eta, Arabako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Planeko larrialdietarako fasea ezarri du: 41 beharginek osatutako lantaldea, elurra kentzeko 14 makina eta Miñoien hiru patruila prest daude jada, denboraleari aurre egiteko.

Asteazkenetik, alerta-mailak behera

Asteazkeneko lehen orduan, oraindik, denboraleak gogor joko du, batez ere, kostaldean; goizeko 09:00ak arte alerta laranja egongo da ezarrita. Ordu horretatik aurrera, egoera baretzen hasiko da, eta abisu horia aktibatuko dute.

Bestalde, Bizkaian eta Gipuzkoan euri asko botako du ondorengo orduotan, eta Segurtasun Sailak alerta laranja ezarriko du euriteengatik; metro kubikoko 60 litro botatzea dago aurreikusita Bizkaiko hainbat lekutan. Gipuzkoa mendebaldean, berriz, metro kubikoko 80 litro botako ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Denboraleak bideoak Eguraldia Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Kantauri itsasoa